Edurne Gonzalez izango da EH Bilduren Legazpiko alkategaia
Barne hauteskunde prozesua egin ondoren aukeratu dute, aho batez. Alderdia programa lantzen hasiko da datozen asteetan, herritarrekin.
Edurne Gonzalez Elorzaren hautagaitza berretsi dute EH Bilduren oinarriek Legazpin, egin duten barne hauteskunde prozesuan aho batez horrela adostuta, eta bera izango da koalizio abertzalearen alkategaia maiatzeko udal hauteskundeetarako.
Legazpiko EH Bilduk kaleratu duen oharren jasotzen denez, Gonzalezek “orain dela lau urte eman zuen baiezkoa Legazpiko alkategai izateko, eta hauteskunde batzordeak eta oinarriek lau urtean egindako lanak eta pilatutako esperientziak alkategai hobeago bat egiten dutela sinetsita daude”. Horregatik proposatu zioten, hain zuzen, berriz ere alkategai izatea.
“Orain lau urte hasiberria hasten den ilusioarekin eta konpromisoarekin hasi ginen, gu geu berri-berriak ginen eta inguratzen gintuen dena ere berria zen. Hori, neurri handi baten, bukatu da, eta, oraingoan, ilusio berezi batekin eta konpromiso are handiago batekin ekingo diogu”.
Alkategai izateko baiezkoa eman ondoren, Gonzalezek aipatu du “behar-beharrezkoa” dela legazpiarren kezka eta behar errealei erantzun bat ematea, “horretarako herritarrak entzun behar ditugu eta herritarrekin elkarlanean gure ametsetako Legazpi definitu, ondoren amets horiek proiektu bilakatzeko, eta proiektu horiek, errealitate”.
Programa lantzen hastear
Datozen hilabeteetan EH Bilduko taldea udal hauteskundeetarako programa lantzen hasiko da. Alderdiak herritarrekin osatu nahi du programa, “garrantzitsua” delako programa hori partekatua izatea, “ahalik eta osatuen eta anitzena izan dadin”. Zentzu horretan, “gure DNAn badago herritarrekin boterea partekatzearen nahi eta behar bat”.
Hiru tailer egingo dituzte, bizitza duinak, herri kohesioa eta ingurune bizigarria gaiak lantzeko. Saio horietan “ikuspegi osoagoa izango duten eta erronkei beren osotasunean erantzungo dieten proiektuak” aztertuko dituzte, “herritar guztien ongizatea bilatuko duten proiektuak garatu ahal izateko”.