Nerea Arriolaren ikuskizunak emango dio hasiera Legazpiko Euskaraldiari
Euskaraldi honetan 45 arigune izango dira Legazpin, eta 650etik gora herritarrek parte hartuko dute ahobizi eta belarriprest gisa.
Ekitaldi “xume” batekin emango diote hasiera gaur Euskaraldiari Legazpin, Nerea Arriola youtuber euskaldunaren eskutik. Kale Nagusian 18:30ean izango da hitzordua
Hitzez ekiteko garaia lelopean bihar hasi eta abenduaren 2ra arte egingo den hirugarren Euskaraldi honetarako 45 entitatek eman dute izena arigune izateko, eta 650etik gora herritarrek parte hartuko dute ahobizi zein belarriprest gisa.
Ipuin laburrak, jostailuak eta bertsolariak
Gaurkoa ez da izango Euskaraldiaren barruan antolatutako ekitaldi bakarra. Ipuin-labur-laburren lehiaketa martxan dago dagoeneko, eta bihartik abenduaren 3ra arte entregatu daitezke lanak.
Hurrengo astean Jolas molaz tailerrak egingo dira, bi egunez, euskarazko jostailu berrienak eta erakargarrienak gurasoen eta haurren esku jarriz. Hilaren 21ean eta 22an izango dira, 17:00etatik 19:00etara, Kultur Etxeko areto nagusian, HH-3, HH-4 eta HH-4 mailetako haurrei eta gurasoei zuzenduta.
Amaitzeko, bertsolaritzarekin lotutako ekitaldi bat izango da, hilaren 24an. Egun horretan, Felix Ibargutxik Legazpiko Bertsolaritza pausoz pauso” liburua aurkeztuko du Kultur Etxean, 19:30ean.