David Zuazolak 'Robot' txotxongilo ikuskizuna egingo du igandean Ordizian
Herri Antzokian izango da, 12:30ean. Munduko jaialdirik garrantzitsuenetan ibiltzen da Zuazola. Ezaguna da bere ikuskizunetan erabiltzen ditun mekanismo bitxiengatik.
David Zuazola (Txileko Santiago, 1974) aktore, musikari, ikus-entzunezko komunikatzaile eta titiriteroak Robot ikuskizuna eskainiko du igandean Ordiziako Herri Antzokian, 12:30ean. Kultura Familian Bizi zikloaren barruan kokatzen den saio familiarra da. Barrena kultur etxean eros daitezke sarrerak, aurrez, edo egunean bertan, leihatilan. Titirijai Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia aprobetxatuz ekarriko du Ordizira udalak Zuazolaren ikuskizuna.
Txotxongiloen, mekanismo berezien, eszenografiaren, soinuaren eta pertsonaia bitxien bidez, zientzia fikziozko istorio bat kontatuko du. Robotak gizakiekin bizi ziren aspaldi, baina robotak haien kabuz pentsatzen hasi zirenean Gobernuak robot guztiak atxilotu eta suntsitzen ahalegindu zen. Clarak robot batekin topo egin zuen eta adiskidetasun sakon bat hasi zuten, banandu zituzten arte. 70 urte beranduago, Clara aspaldiko robot lagun horrekin elkartuko da berriz ere, intolerantzia eta axolagabetasuna nagusi den mundu batean.
Birziklatutako materialak erabiltzen ditu batik bat Robot ikuskizunean. David Zuazolaren eta Varsoviako Unia Teatr Niemozliwy-ren arteko elkarlanetik sortutako obra da.
Txileko Santiagon jaioa, antzerki eta ikus-entzunezko komunikazio ikasketak egin zituen Zuazolak, eta Bartzelonara joan zen bizitzera bukatu zituenean. Bertan antzerki ikasketei heldu zien berriz ere, eta titiritero gisa hasi zuen ibilbidea. Madrilera joan zen ondoren, eta Retablo de la Ventana konpainia eta La Compañia del Maldito Martillo sortu zituen. Munduko txotxongilo jaialdirik garrantzitsuenetan ibiltzen da bere ikuskizunak erakusten, eta ezaguna da bere lanetan dauden mekanismo eta txotxongilo bitxiengatik. Gaur egun, Italiako Scarlattine antzokian ere egiten du lan.
Igandean bere lana, originaltasuna eta asmamena aurkeztuko dizkie Herri Antzokira inguratzen diren Goierriko familiei. Haurrek zein helduek gozatzeko moduko emanaldia izango da.