Euskara, ikasgelatik kalera
Ordizian 2004an jarri zuten martxan Mintzalagun praktika, Goiztiri AEK euskaltegiak, udaleko euskara zerbitzuak eta Hitzaro euskara elkarteak. Belen Zoilori, esaterako, «kalean ere euskaraz egiteko konfidantza hartzen» lagundu dio.
Euskaraz jakin arren hizkuntza ohiturek eta dinamikek kalean, etxean edota lagunartean euskaraz ez egitea eragin dezakete. Mintzalagun egitasmoek, baina, hori aldatu eta euskara egunerokotasunean erabiltzea ahalbidetu dezakete. Ordizian 1994an sortu zuten Hitzaro Euskara Elkartea, euskararen normalkuntza eta euskal kultura bultzatzeko asmoz, bertako zein Goierriko beste herri batzuetako hainbat bazkiderekin.
Mintzalagun egitasmoa martxan jartzeko asmoaren bueltan lan egin ondoren, 2004an ekimena abian jartzea lortu zuten, Goiztiri euskaltegiarekin eta udaleko euskara zerbitzuarekin elkarlanean, Euskaltzaleen Topaguneak sustatuta. Ordutik, urtero urrian irekitzen dute izena emateko epea, eta ekainera arte irauten du programak. Maria Jesus Amundarain (Itsasondo, 1956) Hitzaroko kide eta mintzalaguntzaileak azaldu duenez, «helburu nagusia ikasleak ikasitako euskara kalean erabiltzera animatzea da, horretarako izan dezaketen lotsa edo konfidantza falta gaindituz». Batzuek ez dute aukerarik izaten inguruan euskaraz egiteko, inguru euskaldunik ez dutelako. Beste askok, ordea, «pausoa ez emateagatik» jotzen dute beste hizkuntza batzuetara, nahiz eta euskaraz jakin badakiten.
Hori da Belen Zoiloren (Zaldibia, 1970) kasua. Inguruan euskaraz egiteko aukera izanik ere, gaztelera erabiltzen du familian eta lagunartean: «Ez dugu pauso hori ematen. Semearekin berdin gertatzen zait. Hamalau urte ditu eta ahalegintzen gara, baina azkenen gaztelerara aldatzen dugu azkar». Duela bi urte hasi zen euskaltegian euskara berreskuratzeko ikasten, eta urtebete darama mintzalagun gisa: «Euskaltegian asko ikasten da, baina falta dena da kalean hitz egitea». Hizkuntza ohiturak eta harremanak hasieratik zein hizkuntzatan sortzen dituzun garrantzitsua dela azpimarratu du: «Harreman berriak hasieratik euskaraz sortzeko asmoz hasi nintzen Hitzarorekin, beste hizkuntza batekin hasten zarenean hori aldatzea oso zaila baita».
Erreportaje osoa GoiBerri.eus webgunean.