Hiru kiroletan marka jartzea egingo du 'Altzo' zaldibiarrak, 68 urterekin
Zaldibiako plazan aizkoran bi enbor ebaki, bizikletan Olakosaroira igo, eta oinez Ausa Gaztelura osatuko du Hiru-Ekin proba. Eguraldiaren zain, bihar zortzi joka daiteke.
Aizkoran, bizikletan eta korrikan, Hiru-Ekin Zaldibia-Ausa Gaztelu izendatu duen kirol proba hirukoitza egingo du Migel Mari Jauregi Altzo zaldibiarrak. Eguraldiak noiz utziko zain dago; hasiera batean jarritako eguna, biharkoa, atzeratuko du, eta azaroaren 26an egitekotan da printzipioz. Lehor nahi baitu.
Abuztuan 68 urte bete zituen Altzok. Adinak adin, behin erretiroa hartuta lehenago ezin izan zituen jarduerak egiteko aldartean dago orain. «Iaz hasi nintzen kontu honekin. Hankan ebakia egin nuen motozerrarekin, eta kito. Orain arte ere ezin tarterik hartu. Abuztutik hona horretan buru-belarri nabil», dio Altzok.
Hiru modalitatetan joko dio erronka, bere buruari. Zaldibiako plazan aizkoran aurrena, 80 ontzako bi enbor edo, lortzen baditu, oinbikoak hiru. Jarraian, Olakosaroira bizikletan igo, bidez (3,55 kilometro). Azkenik, oinez Ausa Gaztelu tontorreraino (901m), 1,4 kilometro gehiago.
%24ko malda batez beste
Proba leherkorra da, aizkoran hauspoa berotu eta hasi orduko daukalako aldapa. Bizikletako zatiak %20-22ko malda du, eta mendikoak %33koa, 40ko gune batzuekin. Denera, batez beste %24ko malda eta 723 metroko desnibela (273+450). Ordu eta laurdeneko denbora du buruan, «ahal bada gutxiago».
Korrika prestatzen Javier Cuadrado Karratu ari zaio laguntzen, eta aizkoran Joxe Aierbe eta Iñaki Azurmendi. Probako kontrola eta denborak Gipuzkoako Atletismo Federazioak hartuko ditu ofizialki; Herri Kirol Federazioak ezezkoa eman dio, tartean bizikletan egin beharreko zatia dagoela eta.
Ikusmina piztu da Zaldibian eta inguruetan, berri dakitenen artean. Zorua lehor aurkitu nahi du Altzok, bai bizikletak labain egin ez diezaion, bai mendian. Hankako zauri-guneak korrikarako eragozpena sortzen diola eta, Gaztelu oinez igoko du.
Zaletasunari bide
Umetan krosean ibilia da Jauregi, Tolosaldean. «Beti atletismo zalea izan naiz, baina baserriko umea, eta ezinezkoa zen. Gero Iparraldera alde egin beharra eduki nuen, eta urte batzuk han egin nituen. Bueltatuta, Lemoizko zentralaren kontrako komitean, udaletxean hiru agintalditan, lana, lau ume hazi… Ezin. Jubilatu naizen arte», dio Altzok.
Orain, denbora nahi erara, eta astean bost-egunetan egiten du kirolen bat edo jardueraren bat. «Konturatu nintzen kirolari profesionalak ere horrela ibiliko direla. Sufritu bai, baina gustuko lekuan aldaparik ez da. 20 urterekin harrapatu banu kirola bizi izateko aukera hau… Nire buruarekin izandako burutazioak dira, eta horrela sortu da ideia».
Ibilbidea markatu eta finkatuko dute, leku jakinekin. Etorkizunean, Altzoren marka beste batzuek probatzea nahi luke.