Musikeneko 46 ikaslek parte hartuko dute Igartza Musika Bekan
Egun osoko egitaraua dakar zazpigarren edizioak. Beasaingo Udalak sustatutako egitasmoa da.
Igartza Musika Bekaren VII. edizioa izango da, Igartzako jauregian, bihar, larunbata. Musikene Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegiak aukeratutako ikasleak euren onena eskainiko dute bertan.
Musikari gazteei bultzada bat emateko helburuarekin sortu zuten Igartza Musika Beka, 2016an. Beasaingo Udalak, Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Zentroarekin lankidetzan sortutako egitasmoa da, eta Igartza Musika programaren osagarria da.
Egun osoko egitaraua
Kontzertu emanaldiak goizean 9:00etatik 13:00etara eta arratsaldean 14:30etik 20:00etara izango dira. Goizean, bi atseden tarte izango dira eta arratsaldean bat. Entzunaldi saioen artean sartu eta atera ahal izango da publikoa. Publikoari guztiz irekiak direla azpimarratu behar da, alegia, nahi denean sartu eta nahi den denboraz egon daitekeela entzuten.
Sariak 20:45ean banatuko dira. Igartza Musika Beka, Musikenen ikasteko diru laguntza bat da. Bi sari daude: Gradu Beka saria, 2.000 eurokoa; eta Master Beka saria, 3.000 eurokoa. Beka saria amaitzean, ikasleek esperientzia asko partekatzen dituzte, eta elkar ezagutzeko aukera bat ere bada.
Partaideen artean, Euskal Herrikoak, eta estatu eta nazioarte mailako herrialde ezberdinetako ordezkariak daude. Master Bekara 25 hautagai aurkeztu dira, eta Gradu Beka sarirako berriz, 21 ikasle.
Aurtengo edizioko epaimahaia Marta Moll del Alba Mendoza, Damián Martinez Marco, Jesús Etxeberria Jaime eta Arantxa Gastesik osatuko dute. Entzunaldi guztiak amaitzean epaimahaiaren erabakia jakinaraziko da.
Hona hemen egitarau osoa: