Ordiziako Eguneko Arreta Zentroa eraikitzen hasi dira
Gaur egungo Eguneko Zentroa dependentzia txikiko, ertaineko zein larriko erabiltzaileentzat da. Eremu berria prest dagoenean, dependentzia maila txikiko erabiltzaileentzat izango da.
Zuhaizti zentroko igogailu berriarekin batera, Ordiziako Eguneko arreta Zentroa eraikitzeko lanak hasi dira. Zentroa gaur egun funtzionamenduan dagoen Eguneko Zentroaren ondoan jarriko da, Zuhaiztiko hirugarren pisuan. Igogailuarekin batera, urte amaierarako amaitzea aurreikusi du Ordiziako Udalak.
Zuhaiztian dagoeneko badago Eguneko Zentroa. Eremu berria, baina, dependentzia maila txikiko I graduko erabiltzaileentzat izango da. Gaur egungo Eguneko Zentroak I, II eta II graduko erabiltzaileak hartzen ditu, dependentzia txikikoak, ertainekoak zein larrikoak, alegia. “20 plaza daude egun, eta asteburuetan 12, baina oraintxe I graduko erabiltzaileak ere hartzen dituenez, Eguneko Arreta Zentroa martxan jartzen denean plaza guztiak II eta II gradukoentzat geratuko dira”, azaldu du Adur Ezenarro Ordiziako alkateak. Dependentzia arineko pertsonentzat edo autonomoentzat izango da eraikitzen ari diren gunea, eta 15 plaza izango ditu. Zerbitzua astelehenetik ostiralera eskainiko da.
Ia 100 metroko eremua izango da. Orain arte biltegi bat zegoen bertan. Tabikeak bota, distribuzio berria egin, leihoak aldatu eta gunea egokitzeko lanean ari dira. Zona komuna, sukaldea eta bainugela izango ditu. Inbertsioa 137.000 eurokoa da. Ordizia 2030 Ekintza Planeko 4.1 puntuan jasota dago inbertsioa.