"Ikaratu gabe, hikaratu hadi"
Beasaingo Aittu euskara elkartearen ekimenez, Euskaraldiak irauten duen hamabost egunetan, Hikaldia ere egingo dute Goierriko gazteek eta Beasaingo familiek. «Ikaratu gabe, hikaratzeko» deia egin dute. Hitanoaren erabilera areagotzea baino helburu sakonagoak ditu egitasmo berriak.
Izan ere, Goierriko gazteen arteko harreman sarea sortzeko proposamen berritzailea da Hikaldia. Euskara gazteen arteko elementu bateratzailea izateko helburua du, lagunartea eta kuadrilla ardatz hartuko duena, hitanoa bultzatzen duten bitartean. Hikaldian parte hartzen duenak bere burua prest azaltzen du berari hikaz aritzeko. Euskaraldiko txapak erabiliko dituzte gazteek ere, Hikaldiaren H-a gehituta.
Adinkideen arteko transmisioa
Transmisioan jarri nahi dute indarra. Aittuko lehendakari Patxi Saezen esanetan, «adinkideen arteko harremanetik sortzen den transmisioan. Hikaldiak hori proposatzen du: Gazteak elkartu eta adinkideen arteko sozializazioa eginez, hitanoaren transmisioa egitea». Alde horretatik ere bada egitasmo berritzailea. «Hitanoaren eta hizkuntzaren transmisioa beti pentsatu izan da, goitik beherakoa dela. Gurasoak seme-alabei… Baina Paula Kasares hizkuntzalariak beste kontzeptu bat ekarri du: Transmisioa ez, sozializazioa alegia. Adinkideen arteko harremanetik sortzen den transmisioa nolabait esateko. Hikaldiak hori proposatzen du. Gazteak elkartu eta adinkideen arteko sozializazioa eginez, hitanoaren transmisioa egitea.
Hamabost eguneko ariketa sozial horretan, herri txikietako gazteak izango dira eredu. «Herri txikietako gazteek hitanoaren erabilera oso handia dute. Badakigu gizonezkoena handiagoa dela emakumezkoena baino». Beasaingo Institutuan, adibidez, «herri txikietako gazteak elkarren artean hikaz aritzen dira, eta Beasaingoak maiz deseroso aurkitzen dira hitanorik ez dakitelako. Batxilergoa aldaketa garaia eta mudantza garaia gertatzen da gazteentzat harreman-sare berrietan txertatzen direlako. Aldaketa eta harreman berri horietara egokitu nahian Beasaingo gazteetako batzuk hika egiten ikasten dute. Hikaldiaren bidez hitanoaren ikasketa hori sustatu eta indartu nahi dugu», nabarmendu du Saezek.
Erreportaje osoa GoiBerri.eus webgunean.












