Ormaiztegiko festetan gertaturiko bortxaketa saiakera bat salatu dute
Larunbatetik iganderako gauean emakumeek hainbat eraso jasan zituztela salatu du Itaiak. Bereziki kasu bat oso larria izan daiteke, eta bortxaketa saiakera baten salaketa jarri du erasotu batek. Gaitzespen kontzentrazioa egin dute gaur 19:30ean Ormaiztegin.
Ormaiztegiko festetan bortxaketa saiakera jasan izanaren salaketa jarri du emakumezko batek. Larunbatetik iganderako gauean, ustez drogatu egin zuten, eta ondoren bortxatzen saiatu zirela salatu du. Gertakariaren berri atzo jaso zuen Itaiak, eta gaur 19:30ean gaitzespen kontzentrazioa egin dute Ormaiztegiko plazan.
Kasua oso larria izan den zantzuak daude. Salaketa aurkeztua du erasotuak baina ustezko erasotzailea ez dute identifikatu oraindik.
Itaiak berri eman duenez, ez zen larunbat gaueko eraso bakarra izan. Nahiz eta salatutakoa hau izan den, “beste eraso batzuk” ere izan ziren.
Hala, gaurko kontzentrazioan kasu konkretu bat bakarrik salatu ordez, “egoeraren urgentzia” bistaraziko dute. Ez dela kasu isolatu bat deitoratu du Itaiak. “Urgentzia mahai gaineratuko dugu, beste mekanismo batzuk behar direla esateko, jendeak momentuan bertan erantzun dezan. Normalizatzen ari dira horrelako egoerak, eta larria da oso”, aurreratu dute Itaiakoek.













