Elkarretaratze jendetsua egin dute Ormaiztegin, bortxaketa-salaketa gaitzesteko
Indarkeria matxista orori aurre egiteko aldarria pankartan hartuta, Ormaiztegiko plazan elkartu dira herritar ugari eta Itaia emakume antolakunde sozialistak deituta bildutako protestariak.
Ormaiztegin larunbat gauean ustez bortxatu zuten emakumeari babes osoa adierazi, eta erasoa salatu zuten, atzo iluntzean, Ormaiztegiko plazan. Ormaiztegiar ugari eta Goierriko herri askotatik joandako herritar gehiago batu ziren protestara. Hamabost minutuan isilik egon ziren plazan. Itaia taldeak Indarkeria matxista orori aurre egin zioen pankarta zabaldu zuen.
Gau berean eraso gehiago izan zirela deitoratu dute. “Egoeraren larritasuna begi bistakoa da. Urgentziazkoa izanik, gaurdanik honi aurre egiteko defentsa-mekanismo eraginkorrak sortu beharra dago”. Ormaiztegikoa ez dela kasu isolatu bat gehitu dute; “kontrara, eguneroko ogia bilakatzen dira emakume langileon bizitzetan. Izan ere, subjektu gutxietsi, ezgai eta objektu sexual modura sozializatzen gaituzte. Ondorioz, gure aurkako biolentzia matxista gauzatzeko testuinguru paregabea sortzen da, are gehiago festa giroan eta alkoholaren aitzakiapean, eraso hauek normalizatu eta areagotu egiten dira”.
Ideologia matxistak indarkeria matxistaren testuingurua du “ondorio”, eta emakumeak zapaltzea “norma kultural” bihurtzen dela ohartarazi dute.
Era integralean eta eraginkorrean erantzuteko konpromisoa eskatu eta hartu dute, “horrelako gertakariek lekurik izango ez duten gizarte bat” helburu. Emakumeen kontrako eraso ororen aurrean, “erantzun eraginkorrak hedatu, horiek gauzatzen dituzten figurak seinalatu, eta egoera horietatik askatzeko baliabide ekonomiko zein sozialak garatzeko” eskatu dute.
Argazkiak: Aimar Maiz













