Idiazabalgo 2030 Agenda osatzeko bidean lehen urratsa egin dute
Udala, herritarrekin batera ari da etorkizuneko lan ildoa zehazteko prozesua egiten. Diagnostiko fasea amaitu berri dute.
Etorkizuneko erronkak definitu eta ekintzak zehazteko prozesua abian dute Idiazabalen, Udalak sustatuta. Idiazabalgo 2030 agenda, herriko eragileekin osatuko dute, haien parte hartzearekin, elkarrekin definituko dute etorkizuneko lan ildoa, eta Laia kooperatiba izango dute bidelagun, prozesua dinamizatzeaz eta fase bakoitzeko ekarpenak jasotzeaz arduratzen ari dena.
Hala, datozen hilabeteetan, herriko garapen jasangarriren alde lan egiteko pausoak emango dituzte. Prozesuak fase desberdinak izango ditu; lehen fasea, diagnostiko fasea, bukatu dute, eta atzo arratsaldean, orain arte jasotakoaren berri eman zuten. Leire Garmendia Laia kooperatibako teknikariak azaldu zuenez, “2030 agendak, Nazio Batuen Erakundeak adostutako 17 helburu jasotzen ditu, arlo ezberdinetakoak”, eta helburu horiek lortzeko lanean ari dira Idiazabalen.
Proiektuaren lehenen fase honetan, “gogoeta egin dugu globalizazioak dakartzan gizarte, ekonomia eta ingurumen erronken aurrean, herriaren egoera aztertzeko eta nora iritsi nahi dugun jakiteko”.
Herriaren argazkia
Garmendiak nabarmendu du, herriko eragileen parte hartzea eta konpromisoa “ezinbestekoa” izan dela. 30 pertsona inguruk parte hartu dutela zehaztu du. Haiekin egin dituzten elkarrizketak “oso emankorrak” izan direla, eta horri esker, “herriaren argazkia” egin ahal izan dutela.
Diagnostikoaren emaitzak, 2030 urtera begirako ikuspegia landu eta lan ildo nagusiak zehazteko balioko du.