Zaintza jarri dute erdigunean Euskal Herriko Neska Gazteek
"Zaintza lanak ezinbestekoak dira sistemari eusteko, zaintza baita bizitzak eusten dituen, gure biziraupena ziurtatzen duena", aldarrikatu dute.
Euskal Herriko Neska Gazteek zaintza erdigunean jartzeko deia egin dute Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Eguneko adierazpenean. Elkar zaintzearen, komunitatea sortzearen eta kolektiboa ardatzean jartzearen beharra azpimarratu dute, “sistemari eusteko zaintza lanak ezinbestekoak” baitira.
Ez dira bizitzak erdigunean daudenak, EH-ko Neska Gazteen esanetan, “krisi ekologikoa, ekonomikoa, zaintza krisia, osasun krisia eta abar kapitalaren eta bizitzaren arteko alkan, kapitalaren alde lerratzen” delako sistema, eta horregatik diote dela “bizitzetan prekarietatea egiturazkoa”.
Horri aurre egiteko, kolektiboa eta zaintza lehenetsi dute. “Zaintza baita gure bizitzak eusten dituena, gure biziraupena ziurtatzen duena. Beharrezkoa da sistemarentzat emakumeak espazio pribatuan doako lanak egiten jarraitzea, honek kapital metaketa handiagoa ahalbidetuko duelako”. Horregatik, “beharrezkotzat” jo dute “emakume gisa sozializatuak direnek zaintzaren garrantzia bermatzea”. Sistema kapital zisheteropatriarkalak zaintzaren kontzeptua “edukiz hustu” duela salatu dute, eta horrek indarkeria eragiten duela emakume eta neska gazteen gorputz eta bizitzetan.
“Neska Gazteok ere betetzen ditugu zaintza lan horietako batzuk. Gu Neska gazteok izaten gara ingurunearen ongizatea bermatzen dugunak, gizonek honekiko ardurarik hartzen ez duten bitartean. Gu neska gazteok gara instituzioek osasungintza publikoan inbertitu ez eta gure lagunen sostengu psikologikoa betetzen dugunak. [….] Finean, geu gara ongizatea bermatzen ez duen sistema honetan, ongizatea bermatzeko zaintzen dugunak”.
Ostiralean “autodefentsa feministarako deia” egin dute, “batera antolatu eta borrokatzeko deia”, sistemari erresistentzia “kolektiboan” egiteko. Euskal Herriko Neska Gazteak deitu dituzte deialdietan parte hartzera.