Sustrai frutak: "Gure dendetan eta postuetan ahal dugun guztia egiten dugu euskaraz"
Alberto Vesga Sustraiko gerenteak azaldu du Euskaraldian arigune gisa parte hartzeko erabakia enpresak euskararekiko duen sentsibilitateak bultzatuta hartu dutela. Enpresak 22 langile ditu, sei dendatan eta bost azokatako postuetan banatuta.
Herri bat baino gehiago hartuko dituen arigunea osatuko du Legazpin egoitza nagusia duen Sustrai Frutak. Enpresak 22 langile ditu, sei dendatan eta bost azokatako postuetan banatuta. Legazpin, Ordizian, Arrasaten eta Oñatin ditu dendak, eta Legazpiko, Ordiziako, Zegamako eta Oñatiko azoketan jartzen du postua. Konpromiso maila desberdinekin, baina arigune baten eskakizunak betez, gune horietako langileek parte hartuko dute aurtengo Euskaraldian.
Alberto Vesga da Sustraiko gerentea, eta Euskaraldian arigune gisa parte hartzeko erabakia enpresak euskararekiko duen sentsibilitateak bultzatuta hartu dutela azaldu du. «Arigune bat talde naturaletan euskaraz aritzen den gune bat dela ulertzen dugu, eta gurea horrelakoa dela uste dugu. Gure dendetan eta postuetan ahal dugun guztia egiten dugu euskaraz, bezeroekin lehen hitza euskaraz egiten dugu gehienetan, eta bezero horiek euskaraz hitz egiteko gai direla badakigu, euskaraz hitz egiten diegu».
Erreportaje osoa GoiBerri.eus webgunean.













