Gabonak hasi dira ate joka
Urte amaiera eta hasiera markatzen duten egun seinalatuak bertan dira, eta Ordiziako ferian hasi dira horiei begira, poinsetiak eskainita. Bitartean, bruselaza bezalako produktu berriak iristen dira apurka.

Kolore biziko landare batek, poinsetiak, eman dio hasiera Gabonetako kanpainari Ordiziako ferian. Aurreko asteetatik gozo kontuen eta fruitu lehorren postuetan egun seinalatu horiei begira jarrita daude dagoeneko, baina atzo, Maria Dolores Mendizabalen eta Iñaki Azanzaren postuetan salgai jarri zituzten poinsetia koloretsuak polboroi, piku, aran eta bestelakoen gainetik jarri ziren. Landare horren eskaintza ez zen oraindik handiegia, eta kolore gorri eta arrosakoak zituzten salgai bakarrik, tamaina desberdinetakoak, 6,5 eta 9 euro artean. Datozen asteetan barietate gehiago ekarriko dituztela agindu zuten bi saltzaileek, baita oparitarako hobeto prestatuta ere. Plaza Nagusiaren udaletxe aurreko sarreran kokatuta daudenez, sarrera horri kolorea emango diote, beraz.
Gabon kontuak aipatuta, Errezilgo Jose Antonio Aizpuruk azaldu zuenez, feriaz feria saltzen dabiltzanentzat San Andres egunaren bueltan Eibarren eta Azkoitian egiten diren feria bereziak dira garai horri hasiera ematen diotenak. Hurrengo asteazkena da San Andres, azaroaren 30a. Bide batez, esan behar da Aizpuruk errezil edo ibarbi sagarrak dituela salgai bakarrik, «beste guztia saldu dut!». Kiloa euro batetik bostera bitartean saltzen zuen,sagarraren tamainaren arabera.
Aizpuru izan zen, bestalde, lehen mizpirak salgai jarri zituena, eta horiek ere agortuta ditu, baina atzotik postu gehiagotan ere eros daitezke, kiloa 3 eta 5 euro artean.
Bruselazak, Aramatik
Bestela, plazako postuetan kolore berdea da nagusi, udazken-neguko barazkiek ematen dutena. Aza, zerba, eskarola, porru, borraja, ziazerba, brokoli, romanesku… ez da ezer falta aste hauetan.
Eta atzotik, ezta bruselaza ere. Aramako Arantxa Zurutuzak zituen salgai, kiloa 6 euroan. Aurten berandu iritsi direla zioen, eta aurreko hilabeteetako lehorteak mesederik ez diela egin ere bai. Momentuz gutxi jaso ditu, ikusi behar zer dakarten datozen asteek.
Perretxiko asko
Perretxikoen atalak, berriz, indartsu jarraitzen du, eskaintza handi eta zabalarekin. Atzo, Lasa eta Barcinaren artean salgai jarri zutena da horren erakusle: 245 kilo onddo (12-30 euroan kiloa), 13 kilo gorringo (24-30 €), 40 kilo niskalo (15-20 €), 6 kilo kardu perretxiko (18-22 €), 13 kilo ziza hori (15-30 €), 15 kilo saltsa perretxiko beltz (18 €), 25 kilo mendiko angula (15-18 €), eta 5 kilo ziza hanka urdin (20 €).
Lasak, bestalde, usoa ere bazuen, bakoitza 7 euroan.
Lehen ilarrak, Almeriatik
Fruta saltzaileen postuetan ere iristen ari dira poliki-poliki garaiko produktu berriak, eta horien artean aipatu behar da ilarra. Almeriatik ekarrita, 5,95 eta 6,90 euro artean saltzen zuten kiloa.
Marrubiek ere hasi dute denboraldia, «geroz eta lehenago» zioen saltzaile batek, eta beste batek, aldiz, «urte osoko produktu bihurtu da dagoeneko». Huelvakoak dira, eta kiloa 4,95 eta 7,9 euro artean zegoen atzo.