“Arima pixka bat falta da orain, bai unibertsitatean eta bai hedabideetan”
Bokazioz irakaslea dela aitortu du Joxerra Garziak, baina lan asko egindakoa da bai bertsolaritzan eta bai komunikabideetan. Erretiroa hartuta ere, ikastaroak eman eta eman ari da oraindik.
Bertsoak, kazetaritza, irakasle lana eta literatura. Gutxi-asko, lau erpin izan ditu Joxerra Garziaren (Legazpi, 1953) egunerokoak. Duela bederatzi urte erretiroa hartuta ere, “lanean-edo” jarraitzen du, batean eta bestean ikastaroak emanez. Aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusiari ezin izan dio gertutik erreparatu orain arte, baina pozik eta natural hartu du abenduaren 18ko Iruñeko finalean, ondo bidean, gutxienez bi emakume egotea: Maialen Lujanbio eta Alaia Martin.
Idazlea, kazetaria, irakaslea, gai jartzailea… Edonork ez dauzka hainbeste deskribapen izen-abizenen atzetik. Baten bat falta al da hor?
Ez dakit… Neure burua deskribatzeko, “komunikazioan aritua” naizela esaten dut azkenaldian. “Aritua”, r-rekin. Izatez, uste dut irakasle izateko dudala bokazio handia. Maila guztiak pasatu ditut ia; 22 urterekin hasi nintzen ikastolan, eta unibertsitatean aritu nintzen gero. EITBn sartu-irtena egin nuen ondoren, irratian eta telebistan, baina, unibertsitatera itzultzean, nire bokazioa berreskuratu nuela sentitu nuen. Kazetaritza, eta irratia bereziki, oso xurgatzailea da; gai bat hartu, landu eta hurrengo egunean jada ezin duzu gai horretaz jardun. Unibertsitateak intelektualki askoz gehiago ematen du, eta ikasleekiko harremana ere azpimarratuko nuke. Hori bai, formalizatu egin da dena; teknikoki asko hobetu da, baina arima pixka bat falta da orain, bai unibertsitatean eta bai hedabideetan.
“Ohia” gehitu behar al zaie zure abizenaren ondorengo deskribapen gehienei?
Duela bederatzi urte, jubilatu nintzenean, HABEk [Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea] eta Asmoz-ek jendaurreko hizketei buruzko ikastaroak antolatu zituzten, eta, batzuetan, gehiegi ematera ere iritsi nintzen. Hortik beti sortzen zen beste ikastaro bat, eta horrela aritu izan naiz Hizkuntza Eskola Ofizialeko irakasleei eskolak ematen; Iralen [Irakasleen Alfabetatze Euskalduntzea] ere aritu izan naiz asko; LABeko zuzendaritzakoekin ere bai… Herri honetan, gainera, ez da egoten dei neutrorik; ikasle ohi batek Tuteratik [Nafarroa] deitzen dizu, eta, lagunekin egon beharrean, zeure burua Tuteran ikusten duzu ostiral arratsalde batean, euskararen salbazioa bermatzen.
Bertso konturik ez duzu aipatu oraindik, baina Txapelketa Nagusia sartua da azken txanpan. Saioak ikusten ari zara?
Ikastaro bat tokatu zait tartean, eta ez dut astirik izan saioetara joateko. Gerora, saiatzen naiz entzuten, baina galbahea pasatuta. Urte asko izan dira bertsoekin: irratian lehenengo, telebistan gero… Karabana horretatik pixka bat aldenduta nago. Jubilatu ondoren, bi aldiz egin dut ustez betirako erabat utzita neukan gai-jartzaile lana: 2014an, Getarian, Juan Sebastian Elkanoren lehorreratze ekitaldian, eta iaz, Donostian, Bilintxen Menda bertso saioan. Artean lanean ari nintzela joan nintzen uzten gai jartzaile lana, lortzen nuen plazeraren eta sortzen zitzaidan ezinegonaren arteko desorekagatik.
Elkarrizketa osoa Gipuzkoako Hitzan.