"Isilik bagaude denok gara konplize"
Indarkeria matxista salatzeko giza katea egin dute Ordizian. Gizartearen konpromiso sozial aktiboagoa "beharrezkoa" dela azpimarratu dute
Giza katea egin dute gaur goizean Ordizian, indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egunean, biolentzia gaitzesteko eta biktimei babesa adierazteko. Kimetz elkarteak egin du deialdia, Ordizia Hiri Hezitzailea ekimenaren testuinguruan, eta katebegi izan dituzte Oianguren Institutua, Jakintza Ikastola, AEK, Garagune Zentroa, Ordizia Kolore, Ordiziako Udaleko Berdintasun Saila eta zenbait herritar. Baina gehiago nahiko lituzkete segidan: “Erakundeen eta, oro har, gizartearen konpromiso sozial aktiboagoa beharrezkoa dela uste dugu”, hausnartu dute. “Isiltasunak konplize egiten gaitu. Denok isiltzen bagara, denok gara tratu txarren egile”.
Plazan amaitu dute manifestazioa. Indarkeriaren aurkako irakurketa egin du Kimetz elkarteak. Biolentziaren muinean botere eta desberdintasun harremanak daudela azpimarratu dute. Horregatik, feminismoaren aldeko aldarria egin dute.
Gizonei zuzenean hitz egin diete: “Egin al dezakegu aurrera genero-indarkeriaren aurkako borrokan gizonok interpelatuta sentitzen ez bagara?”, galdetu dute.
“Aske bizi nahi dugu”
“Ez dugu ausartak izan nahi”, errepikatu dute. “Era guztietako indarkerietatik aske bizi nahi dugu”, sakondu dute. “Zer ez duzu ulertu nahi? Soilik bai da baietz”.
Amaitzeko, Ohiana Iguaranek Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalerdietako lehen itzuliko saioan abestutako hiru bertso kantatu dituzte.
Bizi osoan izan naiz nire senarraren maizter beti bere musikara dantzatu ditut bi izter sentituaz mugak heldu beharko zuela laster beharko zuela laster erdi beldur erdi asper etxeko lanak egiten nau bere begira alper beretzat bizi naiz baina zer daukat berari esker gaur beste behin entzun diot ni gabe etzara ezer ni gabe etzara ezer zer daukar berari esker |
Tabernatik heldu da ta liskarra zen ikuskizun marmarka gerturatu zait ta guztia tonu aizun berekiko amorrua nere bizkar jarri nahizun nere bizkar jarri nahizun eta mespretsua isun beti gordekotako hitzak gaur nahi dizkizut erantzun ze nik mantendu zaitut zu eta ez dakit dakizun hormak zuk pagatu arren etxe bat nik eman nizun etxe bat nik eman nizun eta ez dakit dakizun |
Esan eta horma ertza bihurtu dut nere gotor haserrean hasi baita eta keinuz erasokor hasieran izan zena gizon goxo bezain jator gizon goxo bezain jator orain ze auskor dudakor gaur muga bat puskatu dut ta utz dezala berak hor bizi bat daukat nere zain eta frogatzera nator zu gabe ez dakit baina zu gabe banaizela nor zu gabe banaizela nor eta frogatzera nator |