«Ligatzeko aplikazioen inguruan gogoeta bat da 'Sex sua' musikala»
'Sex sua' musikala (Elur etxea, 2022) ikusgai izango da Beasaingo Usurbe antzokian, asteartean, hilak 29, 20:15ean. Andoni Mutiloa luze eta zabal mintzatu da ikuskizunaz.
Esnatu naiz ikuskizunarekin 60 emanaldi egin ostean, Sex Sua izenekoarekin biran zabiltza. Batak bestea ekarri du?
Nik sortutako lehen ikuskizuna izan zen Esnatu naiz kabareta. Ia hiru urtez abentura horretan murgilduta egon naiz; oraindik ere hainbat emanaldi egingo ditugu. Niretzat izan da irakaspen prozesu oso garrantzitsu bat, zeren horrekin sartu nintzen guztiz arte eszenikoen munduan. Sorkuntza, produkzioa, distribuzioa, komunikazioa… dena nik egin dut. Gustura egin dut baina faltan botatzen nuen sortzea, eta aspalditik buruan nuen ideia batetik tira eginez sortu dut Sex Sua, ezinbesteko babesarekin, noski!
Zein momentutan sortzen zaizu ideia?
Iaz, udazkenean hasi eta neguan sartu nintzen horretan buru-belarri. Gainera, Donostiako Poltsiko antzerkiaren jaialdian, maiatzean, estreinatzeko proposamena jaso nuen.
Asteartean, hilaren 29an, Beasaingo Usurbe antzokian izango zara.
Bai, eta gainera, formatu handiagoko ikuskizunarekin etorriko gara, izan ere, formatu txikian izan ziren lehen emanaldiak.
Zertan jartzen du arreta Sex Sua musikalak?
Argi neukan sexualitateari buruz hitz egiteko gogoa neukala, umoretik. Hasierako ideia nahiko generikoa zen. Baina forma ematen hasi nintzenean, ligatzeko aplikazioetan oinarritu nuen, iruditzen zitzaidalako aktualitate handiko gaia dela eta gizarte moduan ez dugulako gaiaren inguruko gogoetarik egin, bereziki aplikazio hauen erabileraren ondorioen inguruan. Sare sozialetako muturreko kanon estetikoen inguruan ere hitz egiten dut.
Topikoari jarraiki euskaldunok ez dakigu ligatzen; horrelako aplikazioek ate handi bat zabaltzen dute…
Nik horretan ez daukat zalantzarik. Bakoitzak egiten du ahal duena, baina orokorrean, ligatzeko patroi nahiko mugatuak izan ditugu urte askotan. Ligatzea beti izan da, asteburuetan, gauez, taberna giroan, alkohola tartean…
Ligatzeko aplikazioak dira sekulako iraultza; bat-batean ligatu dezakezu nahi duzunean, ligatu dezakezu beste esparru batzuetan, jende askorekin…
Dena den, ligatzeko aplikazioak ari dira sustatzen kode zehatz batzuk, eta hor arriskua ere egon daiteke.
Zergatik arriskua?
Onartzen ari garelako berez nahiko surrealistak diren gauza batzuk, eta onartzen ditugu iruditzen zaigulako, ligatzeko joko horren barruan daudela.
Zeintzuk dira arrisku horiek?
Askoz ere konplikatuagoa edo konplexuagoa da ligatzea. Sex Sua musikalean, hain zuzen ere, hori guztiaren inguruko gogoeta egiten dugu, adibide praktikoetara joz, izan ere, horrelako aplikazioak erabiltzerakoan sortzen diren momentu zehatzak agertuko dira, askorentzat, erabiltzen dituztenentzat batik bat, oso ezagunak izango direnak, eta erabiltzen ez dituztenek, behintzat jakin dezatela zer gertatzen den askotan.
Adibideren bat ematerik bai?
Badago kontzeptu bat dela ghosting-a. Hori da, norbaitekin hitz egiten hasi, harreman minimo bat egiten duzu, eta bat-batean bi pertsonetako bat, desagertu egiten da. Ligatzeko aplikazioetan oso ohikoa da hori, normaltzat hartzeraino. Bestelako harremanetan ez da hori egiten. Errespetu falta ikaragarria izango litzateke.
Aplikazioetan gertatzen da ere, inertzia batzuk daudela. Ligatzeko aplikazio batzuetan, oso azkar gertatzen da dena, harremanak dira oso sexualak; elkartu, larrutan egin eta agur. Gerta daiteke, nahiz eta hasiera batean beste pertsona ezagutzeko beste erritmo bat desio, inertziak berak eramaten gaituela eta nahi ez dugun zerbait egitera eramaten gaitu. Horrek duen arriskua da, norbere burua zaintzeaz ahazten dela.
Hirugarren adibide bat ere jarriko dut. Oso ohikoa da, eskatu gabe eta kaixo esan gabe, beste pertsona biluzik agertzen den argazki bat jasotzea. Hori, aurrez aurreko harremanetan ez da gertatzen. Hori errespetu falta ere izan daiteke.
Ikusleak gogoeta egitera gonbidatu nahi ditut.
Zein pertsonaien bidez ematen diezu forma ideia horiei?
Bi pertsonaia daude. Alde batetik ligatzeko aplikazioetan aditua den Hiruki. Berak ez du genero zehatzik, nolabait etiketa guztiak gainditu egiten ditu, eta aditua da. Baina gainera, adierazi nahi duena da, arriskuz beteriko unibertsoa dela ligatzeko aplikazioena eta berak egingo du, hori muturrera eramanez, auto-amodioaren apologia egingo du.
Eta bestetik, Imanol, Hirukiren teoriak praktikan jarriko dituena, eta nolabaiteko gatazka bat adieraziko duena.
Musikala da gainera
Bakarrizketa izan behar zuen, baina dantza eta musika oso gustuko ditut eta horrek ere izango du lekua.
Norentzat dago zuzenduta?
Publiko helduari, baina ez bakarrik ligatzeko aplikazioak erabiltzen dituztenentzat. Dena den, uste dut gazteen, nerabeen interesekoa ere izan daitekeela. Bigarren hauek, jaio eta hazi dira Internetarekin beraz haiek ere gogoeta egiteko interesgarria da.