Asteazkenean jokatuko da Gipuzkoako 23. Odolki Txapelketa
Plaza Nagusian izango da, 10:00etatik aurrera. Lehiakide bakoitzak 7 odolki aurkeztuko ditu.
Asteazkenean jokatuko da Ordiziako Plaza Nagusian Gipuzkoako 23. Odolki Txapelketa, 10:00etatik aurrera, Gipuzkoako Merkatarien Federazioko Harakin Elkarteak Ordiziako Udalarekin batera antolatuta. Odolkirik onena zein den aukeratuko du gastronomia eta beste arlo batzuetako adituez osatutako epaimahaiak.
Eneko Azurmendik (Lazkaoetxe jatetxea), Iñaki Telleriak (Kuko jatetxea), Javi Penasek (JAKITEA), Amaia Garmendiak (Hika txakolindegia), Arantxa Arrizabalagak (Kattalin Erretegia), Juanma Garmendiak (FECOGA), Tere Madinabeitiak (Goierriko Hitza/Diario Vasco), Aitor Buendiak (La Ruta Slow, Radio Euskadi) eta Ana Gonzalezek (Basque Culinary Center) osatuko dute epaimahaia.
Harakin Elkarteak adierazitakoaren arabera, osagaien arteko oreka hartuko dute kontuan, barazkiak antzeko moduan txikituta egotea: osagaien tamaina, zenbat gantz, tipula edo odol nahasketa duen. Lehiaketaren bidez, odolkiaren kontsumoa bultzatu eta zabaldu nahi te: “Kontsumitzaileari aukeran zer nolako produktua duen erreferentzia argi bat eman nahi zaio, baita gipuzkoar odolkiaren kalitatea zein den jakiteko parametro zehatzak eskaini ere”. Gipuzkoako odolki bezala ulertzen da ondorengo osagaiak soilik dituena: tipula, porrua, odola, txerriaren gantza eta espeziak bere kasuan, heste naturalean beteta. Lehiakide bakoitzak 7 odolki aurkeztuko ditu.
Irabazleak txapela, garaikurra eta diploma jasoko ditu, bigarren eta hirugarren sailkatuek diploma eta garaikurra, eta laugarren eta bosgarren sailkatuek, diploma.
Jakintza Ikastolako ikasleak odolki pintxoak salduko dituzte lehiaketa martxan dagoen bitartean, eta lortutako diru-sarrerak ikasleek aukeratutako Ordiziako elkarte batera bideratuko dute.