Bakarrizketa eta musika saioak, aste honetan Lazkaoko Euskaraldian
Nerea Arriolak ikuskizuna egingo du, bihar, Arerian. Hiru musika emanaldik itxiko dute egitaraua, asteazkenetik larunbatera.
Euskaraldiaren azken asterako, Lazkaoko batzordeak hainbat ekitaldi ditu prestatuta. Lehenik, Nerea Arriolaren umorezko bakarrizketa-ikuskizuna izango da. Bihar, asteartea (azaroak 29), Arera antzokian ariko da, 19:00etan. Sarrera (2 euro), lazkao.eus webguneko salmenta-gunean eros daiteke aurrez.
Azken txanpan hiru musika emanaldik borobilduko dute Euskaraldia. Asteazkenean, azaroak 30, Lazkaoko Txiki Musika Eskolak eta Oin Arin dantza taldeak erromeria egingo dute, plazan, 17:00etan hasita. Ostiralean, berriz, San Benito ikastolak kantu-jira berezia egingo du, azken ostiraletan bezala. Euskararen Eguna ospatuko dute.
Ostiralean, Euskararen kriseiluaren amaiera festa egingo dute HH5 eta LH1 mailetako haurrentzat. 17:00etan frontoian da.
Euskararen Egunerako, azkenik, Sorotan Bele musika taldeko Gorka Sarriegik, Urbil Artolak eta Lazkaoko Musika Bandak Sorotan Bele gogoan kontzertua egingo dute. Larunbatean, abenduak 3, Arerian 19.00etan da emanaldia. Sarrera bakan batzuk geratzen dira oraindik salgai, lazkao.eus-en, 10 euroan.
Abenduaren 3an, Lazkaoko Erraldoien eta Buruhandien Konpartsakoek kalejira egingo dute, 11:00etan hasita.