Helmuga Turistiko Adimendunen proiektua, "Goierrirentzat ona dena aplikatzeko"
Herrietako behar turistikoak aztertzen ari da Goitur, onuragarriak izan daitezkeen estrategiak aplikatzeko. Goierriko lehen sektoreko enpresekin ere dabiltza lanean, enpresa horien dibertsifikazioa bultzatzeko.
Goitur Goierriko Turismo Agentzia HTA Helmuga Turistiko Adimendunen proiektuan dabil lanean, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren eta Basquetour-en eskutik. Espainiako Berrikuntza eta Teknologia Turistikoak Kudeatzeko Estatuko Sozietatea da proiektuaren bultzatzailea. Apirilean aurkeztu zuten egitasmoa, eta irailean jaso zuen Goiturrek Madriletik Goierriko diagnostikoa eta garatu beharreko ekintza plana. Dagoeneko ekin diote plan hori garatzeari. Madrilgo FITUR Turismoaren Nazioarteko Ferian, urtarrilean, HTA programan lanean hasi direla aitortzen duen ziurtagiria jasoko du Goiturrek.
Niko Osinalde Goiturreko zuzendariak azaldu duenez, helburua ez da HTA zigilua lortu eta sarean sartzea, “baizik eta proposatutako plan estrategikoko ekintzetatik Goierrirentzat ona dena aplikatzea”. Gobernantza, berrikuntza, teknologia, jasangarritasuna eta irisgarritasuna dira kontuan hartzen dituzten arloak. “Adibidez, familientzako orientazio jokoa, hori berrikuntza arloan sartzen da, produktu turistiko berri bat sortuta; edo irisgarritasuna hobetzeko, itsuentzako panelak”. Bailaran dauden beharrak aztertzen dabiltza orain, aplikagarriak izan daitezkeen ekintzak baloratzen. “Dokumentazioa jasotzen ari gara herrietan, ebidentziak biltzen, Madrildik proposatutako ekintza guztiak ez baitira aplikagarriak Goierrin”.
HTA sarea ez da behin-betikoa. Bi urtez behin Goierrira etorriko dira Madrildik, aplikatutakoa egokia den puntuatzeko eta momentuko beharretara egokitzeko. “Bide luzea da. Guk ez dugu puntuazio zehatz bat lortu nahi, guk nahi duguna da planean dagoena aprobetxatu ahal izatea Goierriren onurarako”. Bitartean, “onuragarria” izango da bertako turismoarentzat, “HTA sareak Goierriko turismo aukeraren berri emango baitu”.
Lehen sektorea eta turismoa uztartzeko plana
Horrez gain, Espainiako Berrikuntza eta Teknologia Turistikoak Kudeatzeko Estatuko Sozietateak sustatzen duen beste programa batekin dabil lanean Goitur, lehen sektorea eta turismoa batzen dituen programa batekin, alegia. Duela 3 aste hasi ziren horretan lanean, eta martxora arte iraungo du. Helburua “turismora dibertsifikatu nahi duten lehen sektoreko enpresei laguntzea eta ekoizleei balioa ematea” da. Turismo gastronomikoaren alorra jorratzen dabiltza, besteak beste, Ordiziako D’elikatuz Zentroarekin, Goierriko zenbait gaztandegirekin, Goierriko Nekazal Kooperatibarekin, Gipuzkoako Erlezain Elkartearekin edota Idiazabalgo Gaztaren Interpretazio Zentroarekin.