Iturralde Txikiko IAT zentroan "40.000 ibilgailu inguruk" egingo dute azterketa teknikoa urtero
Azaroaren 18tik zerbitzua ematen ari da Beasainen ireki duten IAT zentro berria, eta gaur, inaugurazio ofiziala egin dute.
Beasaingo IAT zerbitzugunearen inaugurazio ofiziala egin dute gaur eguerdian. Iragan azaroaren 18an hasi ziren bertan zerbitzua ematen, eta ordutik “martxa onean lanean ari gara” nabarmendu du zerbitzuaren kontzesioa duen Itelevesa enpresako zuzendari nagusia den Jesus Garcia Gilek. Garciarekin batera izan dira azpiegiturak bertatik bertara ezagutzeko, Eusko Jaurlaritzako eta Beasaingo Udaleko ordezkariak.
Iturralde Txikiko inguruan dagoen zentro berrian, “urtean 35.000 eta 40.000 bitarte ibilgailuk” egingo dute azterketa teknikoa, Itelevesako ordezkariak aurreikusi duenez. Orain arte, Arbizun, Bergaran eta Urnietan zeuden gertuenak. “Eremu geografiko honetan dagoen ibilgailu parkea kontutan izanik puntu estrategikoan kokatuta dago” nabarmendu du Garciak, “Goierriko eta inguruko eskualdeetako herritarrei zerbitzua gerturatzea da, aldaketa klimatikoaren aurka ere lagungarri izango dena”. Gainera, azken urteetan IAT zentroetan nabaritu den “kolapso” egoera “arintzen” lagunduko duela zalantzarik ez du Garciak.
Azken teknologia
Beasaingo IAT zentroa “erreferente” izatea da Itelevesaren helburua. Horretarako, “teknologia berrienekin ari gara lan egiten”. Horrez gain, “plaka fotovoltaikoak” eta “ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak” ipiniko dituztela aurreratu du zuzendari nagusiak.
Erabiltzailearentzat “onurez” gain, aipatu du “lanpostuak” sortu dituela zentro berriak; “momentu honetan 10 pertsona daude bertan lanean, eta espero dugu, 25-30 langile izatera iristea, zentroa bere errendimenduaren %100era iristen denean”.
Zigor Urkiaga Eusko Jaurlaritzako Proiektu Estrategikoen eta Industria Administrazioaren Zuzendariak nabarmendu du “gizarte osoarentzat onuragarria” dela Beasaingo zentroaren irekiera, “errepidean dauden ibilgailuen segurtasuna bermatze delako”.
Beasaingo alkate Leire Artolaren hitzetan, “aurrerapauso handia da bai Beasainentzat, bai Goierri osoarentzat, bai inguruko eskualdeentzat”. Gogoratu du, Eusko Jaurlaritzaren eta Beasaingo Udalaren elkarlanari esker izan dela posible IAT zentro berri honen irekiera.