Moskorrak mus txapelketa abenduaren 17an jokatuko da, Lazkaon
Goierriko lehiaketa jendetsuenetakoa izan ohi da, eta 39. ekitaldia izango du aurten. Martin Aldasoro zena oroituko dute.
Pandemiagatik bi urtean jokatu ezinik egon ondoren, Moskorrak mus txapelketa aurten egingo da. Abenduaren 17an jarri dute Jotake Lazkaun taldeko antolatzaileek itzuleraren eguna. 39. ekitaldia izango du, eta Martin Aldasoro zena –antolakuntzan urte askoan jarduna– oroitzeko balio izango du.
Ohi bezala, sari mamitsuak jarri dituzte. Bikote irabazleak 1.500 euro eta txapelak jasoko ditu, eta txapeldunordeek 600 euro, hirugarrenek 300 euro eta laugarrenek 150 euro. Hortik atzera, jenerotan sarituko dituzte: 5. saria Errigorako bi saski, 6. saria bi kaxa ardo, 7. saria bi tarta, eta 8. saria esnekien bi sorta.
Herriko lehenengo bikoteak txuletak eramango ditu, baita lehenengo neska bikoteak edo bikote mistoak ere.
Txapelketa nagusiko lehenengo txandan kanporatuta geratzen diren bikoteek jokatzen jarraitu ahal izango dute, kontsolazio fasean. Gehiago ordaindu beharrik gabe, txapelketa paralelo bat jokautko dute kanporatuek. Kontsolamenduko irabazleek 300 euro eta bigarrenek 150 euro jasoko dituzte.
Izena, abenduaren 17an Alkartetxean eman beharko da, 15:30ean. Bikote 40 euro da izenemate ordainsaria. Jokoa, berriz, lau erregera eta sei hamarreko hiru ustelera izango da.