Asisko Urmenetak 'Amaiur! Libera state' liburua Zaldibian aurkeztuko du gaur
Karreane kultur etxean 18:30ean da. Ez da Amaiurri buruzko aste honetako ekitaldi bakarra izango: ostiralean Gaizka Arangurenek hitzaldia egingo du.
Asisko Urmeneta ilustratzaileak (Iruñea, 1965) Amaiur! Libera state liburua aurkeztuko du, gaur, Zaldibiako Karreane kultur etxean, 18:30ean. Amaiurko gazteluaren (Nafarroa) galeraren 500. urteurrenean, 1512tik 1522ra bitarteko konkista-gerra haren kronologia eta okupazioaren makineria aztertu eta irudikatu ditu Urmenetak lan berrian. Baita inbasioaren kontrako erresistentzia epikoa ere, izen eta deiturekin: Jakue Belatz Medrano, Maria Hozta, Johanes Arremiritz, Bakedao, Johanikot Arberoa…
Aurten argitaratu du Txalaparta argitaletxeak Amaiur! Libera state liburua (‘Amaiur, estatu librea’, latinez). “Dokumentazio ugari aztertu eta destilatu egin dugu, eta orain Herriari eskaini, baliagarri izanen zaiolakoan bost mende bete diren honetan. Amaiur, euskaldunon zoru epikoa”, azaldu dute lanaren erreseinan.
Ostiralean, berriz, Gaizka Aranguren kazetariak (Iruñea, 1967) landuko du Amaiurko konkistaren ondorioa, Zaldibian. Amaiur 1522-2022. Memoria epika eta politika hitzaldia egingo du, ostiralean 18:30ean, udaletxeko beheko aretoan.