Iñaki Chivite (Eroski): «Duela bi urte ere Arigune izan ginen; oso gustura amaitu genuen»
Ordiziako Eroskin Arigune izateko hautua berretsi dute aurtengo edizioan. «Duela bi urte ere Arigune izan ginen. Alde batetik, gure langileak ere Euskaraldiaren parte izateko. Eta, bestetik, euskararen presentzia handitzeko», azaldu du Iñaki Chivite arduradunak.
«Oso gustura amaitu genuen. Uste duguna baino jende gehiagok dakiela euskaraz jabetzeko balio izan zigun», gaineratu du.
Ordiziako Eroskin langileen gehiengoa euskalduna dela esan du Chivitek. Baita bezeroen gehiengoa ere. «Eremu euskaldun batean bizi garenez gure bezero asko eta asko euskaldunak dira. Hauek asko eskertzen dute eurei euskaraz zuzentzea. Horregatik, dakienari euskara lehenesteko esaten diogu, eta ez dakienari hitz zehatzak erabiltzeko: kaixo, agur, eskerrik asko, zenbakiak… Keinu txikiak dira, ez dute lan handirik eskatzen, baina egunerokotasunean oso erabilgarriak dira».
Erreportaje osoa GoiBerri.eus webgunean.