Joxe Intxausti eta Segurako ahozko memoria proiektu batean elkartuta
Segurako Udalak herriko memoria berreskuratzeko 2014an abiatutako lanaren barruan kokatzen da proiektua. Larunbatean aurkeztuko dute dokumental berria.
Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, proiektu berezi baten aurkezpena egingo dute larunbatean, abenduak 3, Seguran. Proiektu horrek Joxe Intxausti Urbizu du ardatz, zehazki hari jasotako ahozko herri memoria. Ekitaldia 12:00etan izango da, Botikaxaharren.
Proiektuaren bultzatzaileek azaldu dutenez, lan horren helburua «gure aurreko belaunaldiek bizi zuten Segura, bizimodua, kultura, ekonomia…» jasotzea da, ahozko transmisioaren bidez pasa den ezagutza jasotzea, hain zuzen ere. Aldi berean, Joxe Intxaustiri aitortza egitea ere nahi izan diote.
Hirugarren dokumentala
Segurako Udalak urte batzuk daramatza herriko memoria berreskuratze lanetan, eta 2014an helburu horrekin egin zuten Amantalek ixilean daramaten gerra dokumentala aurteztu zuten. Geroztik egin da lan gehiago arlo horretan, eta herritar talde batek bultzatuta eta udalak lagunduta beste dokumental bat egin zuten, Laureano Telleriak azalduta, Segurari buruzko hainbat istorio eta kontakizun jasotzen zituena.
Orain egin dena, Joxe Intxaustiri buruzkoa, Segurako ahozko memoriari buruzko hirugarren lana da, eta «Joxe Intxaustik zuen ezagutza ere jasotzea» izan da helburua. Udalari «egokia» iruditu zitzaion lan hori, Intxaustik Segurarekiko duen «ezagutza, memoria eta ahozko trasmisiorako gaitasuna ikusita». Bestalde, Intxausti «bertsolari ezaguna» ere badenez, bertsolaritzak ere badu lekua proiektu honetan.
Lan gehiago etorkizunean
Segurako Udalak ahozko memoria gordetzeko lanarekin jarraitzeko asmoa du, baina oraindik zehaztu gabe dauka zein izango den hurrengo proiektua.
Larunbatean aurkeztuko den dokumentala gero liburutegian egongo da herritarren eskura.