Lazkaoko herri baratzeak erabiltzeko eskaria abenduaren 12rako egin behar da
Otsailaren 1ean hasiko dira orain izena eman eta baratze-zatia egokitzen zaienak. Urtebete irauten du eskubideak.
Lazkaoko Zubierreka aldean dauden herri baratze publikoak erabili nahi dituenak, izena eta eskabidea abenduaren 12rako aurkeztu behar du, udaletxean. Gaur egungo esleipenek 2023ko urtarrilaren 31ra arte dute baratzeak erabiltzeko eskubidea. Hortik aurrera sartuko lirateke baratzezain berriak.
Zenbait baldintza bete behar dituzte erabiltzaileek: Lazkaoko udalerrian erroldatua egotea, nekazaritza eta laborantza jarduerak egiteko fisikoki gai izatea, udalarekin zerga-betebehar eta ordainketetan zorrik ez edukitzea, beste herri baratze publiko bateko erabiltzaile edo eskatzaile den familia kiderik ez izatea, eta landa izaerako lursailen jabe ez izatea edo horrelako lurren baten gozamena edo maizter ez izatea.