Olanok irabazi du 23. Gipuzkoako odolki txapelketa
Bigarren postua lortu du Tolosako Jose Luis Muñagorrik, eta hirugarrena Ezkioko Jesus Mari Debak.
Beasaingo Olano Harategiak irabazi du goizean Ordiziako udaletxe azpian jokatu den Gipuzkoako 23. odolki txapelketa, 66,10 punturekin. Jose Luis Muñagorri tolosarra izan da bigarren, 62,80 punturekin, eta hirugarren Ezkioko Jesus Mari Deba, 62 punturekin. Finalistak, berriz, Ordiziako Mujika odolkiak eta Ezeiza harategia, eta Beasainmendiko odolkiak izan dira. Epaimahaikideek lehiaketako”maila altua” nabarmendu dute. Iaz ere Olano Harategiak irabazi zuen.
Eneko Azurmendik (Lazkaoetxe jatetxea, Zaldibia), Iñaki Telleriak (Kuko jatetxea, Ormaiztegi), Aritz Ansolak (JAKITEA), Amaia Garmendiak (Hika txakolindegi/jatetxea, Billabona), Arantxa Arrizabalagak (Kattalin erretegia, Beasain, Juanma Garmendiak (FECOGA), Tere Madinabeitiak (Goierriko Hitza/Diario Vasco), Aitor Buendiak (La Ruta Slow, Radio Euskadi) eta Ane Galardik (Basque Culinary Center) osatu dute epaimahaia. Osagaien arteko oreka hartu dute kontuan, osagaien tamaina, zenbat gantz, tipula edo odol nahasketa duen, alegia.
Lehiaketa martxan egon den bitartean, odolki pintxoak saldu dituzte Jakintza Ikastolako ikasleek. Lortutako dirua Caritasera eta Elikagaien Bankura bideratuko dute. Jende ugari gerturatu da udaletxe ingurura odolkiak dastatzera.