Oxidoa inspirazio iturri
Ihurren jaioa, Iruñean bizi da Mari Ros Prieto olaberritar artista eta 'Oxidoak' deitu duen erakusketa ikusgai dago Gabian Coworking Zentroan, Beasainen. Abenduaren 18ra arte ikusgai egongo da erakusketa.
Gutxik zekiten bere zaletasunaz, nahiz eta bere azken sorkuntzetan erabili duen oxido-teknikak, gaian eskarmentu handiena dutenak ere txunditu dituen. Ihurren jaioa, Iruñean bizi da Mari Ros Prieto olaberritar artista eta Oxidoak deitu duen erakusketa ikusgai dago Gabian Coworking Zentroan, Beasainen.
Ideia bat buruan duela, buztina moldatzen hasten da, mihise baten gainean birsortuko duen irudiari forma emateko. Buztina margotzen du eta ondoren, busti, burdin edo kobre oxidozko aktibatzaile batekin, benetako oxidoa simulatzen duen kolore berezi hori lortzeko. «Inguruan aurkitutako edo naturak emandako hainbat material» ere erabiltzen ditu, hala nola «harea, harria, maskorrak, burdina,… testura desberdinak lortzeko eta koadroari erliebea emateko egiten dut» kontatu du artista olaberritarrak, erakusketa irekitzeko guztia prestatzen ari zen bitartean.
Oxido erakusketaren lagin bat ezagutzeko aukera eman du, aurretik ere, beste hainbat erakusketa aretotatik pasa dena, hala nola, Olaberriko aste kulturalean edo Beasaingo Aterpen.
Bere lan batzuetan, «3D sentsazioa emateko», neurri desberdineko mihiseak, bata bestearen gainean ipintzen ditu, artelanak jantziko duen espazioak berak eskatzen dion dimentsioa emanez eta bere gustura edo eskaera egiten dion bezeroarenera egokituz. Ideiak obra solte soiletan edo trilogiak osatzen duten konposizioetan interpretatzen ditu, besteak beste.
Artekaren hazia
Mari Ros duela 20 urte baino gehiago hasi zen antzinako altzariak margotzen eta zaharberritzen, zaletasun hutsagatik, Beasaingo Arteka tailerrean hasi zen. Han, mihise gaineko pinturan lehen urratsak ematera animatu zuten, eta bodegoi, paisaia edo erretratu moduko koadro batzuen ondoren, material berriekin esperimentatzen hasi zen.
Pinturek hilabete bateko lana suposatzen dioten bezala, ekoizpen abstraktuago hauek, hilabete baino gutxiagoan egiten ditu, eta bere izaera mugituaren isla dira. Dena den, margotzeak oraindik ere poztu egiten duela aitortu du. Oxidoaren teknika nagusitzen bada ere, beste teknika batzuk ere erabiltzen ditu. Olaberritarra gustura dago egiten duenarekin eta bere lana ezagutzeko gonbita luzatu du.