Sorotan Beleren kontzertua bertan behera geratu da Lazkaon
Gorka Sarriegi eta Urbil Artola Lazkaoko Musika Bandarekin batera jotzekoak ziren, larunbatean, Arerian. Baina partaideetako baten osasun arazoek eragotziko dute emanaldia. Beste egun batean berreskuratuko dute kontzertua, baina ez dute oraindik zehaztu noiz.
Lazkaon larunbatean egitekoak ziren Sorotan Bele gogoan kontzertua ez da egingo. Bertan behera geratu da, partaide batek osasun arazoak dituelako eta ezingo duelako emanaldian aritu. Sorotan Bele talde mitikoaren gogorapen kontzertua ziren ematekoak Gorka Sarriegi eta Urbil Artola musikariak, Lazkaoko Musika Bandarekin elkarlanean.
Udalak, kontzertuaren antolatzaileak, emanaldia beste egun batean egingo dela soilik jakinarazi du, ez dute data berria zehaztu. Sarrera erosita daukaten guztiek hurrengo emanaldi horretan erabiltzeko aukera izango dute. Dirua berreskuratzeko aukera ere badago, ordea: 943 08 80 80 telefonora deituta, amagoia@lazkao.eus helbidera idatzita edota Lazkaoko udaletxera joanda.