Andraitz saskibaloi kluba eta Hotz Legazpi dira CIE enpresaren diru laguntzen onuradun berriak
Legazpiko bi elkarteak enpresarekin esker oneko agertu dira, saskibaloia sustatzen eta kanpotik datozenei laguntasuna ematen jarraitzeko laguntzak direlako.
Andraitz saskibaloi kluba eta Hotz Legazpi dira CIE Legazpi enpresak 2017tik herriko gizarte, kirol eta kultura mailako elkarteen artean banatzen dituen diru laguntzen azken onuradunak. Gaur goizean entregatu dizkiete diru laguntza horiek bi elkarteko ordezkariei, lantegian bertan egindako ekitaldi batean
Enpresak jorratzen duen ASG estrategiaren barruan kokatu ditu laguntzak Asier Balentziaga CIE Legazpiko zuzendariak, hau da, ingurumen, gizarte ekintza eta gobernu onaren irizpideei jarraitzen dien estrategian. 2017an ezarri zirenetik herriko gizarte, kirol eta kultura arloko elkarteen artean banatu dituztela gogoratu du, enpresako langileek egindako proposamenak kontuan hartuta. Aurten, kirol elkarte bat eta gizarte lanak egiten dituen beste elkarte bat aukeratu dituzte.
Andraitz, “modan”
Jabier Iraetak eta Antonio Telleria ‘Tiki’-k jaso dute diru laguntza Andraitzen izenean, eta oso eskertuta agertu dira. Kluba oso egoera onean dagoela aipatu dute, “modan dago” azken urteetan. Denboraldi honetan bederatzi talde dituzte, lau emakumezkoenak eta bost gizonezkoenak, eta saskibaloi eskolan talde mistoak dituzte.
Talde horiek guztiak eta horien inguruan dagoen azpiegitura guztia kudeatzeko CIEren diru laguntza ondo etorriko dela aitortu dute, «opari bat» dela esan zuten. Eskerrak eman dizkiote enpresari, eta esker hori adierazten duen plaka bat entregatu diote Balentziagari.
Lanean jarraitzeko
Eskerrak emanez jaso dute laguntza, baita ere, Hotz Legazpiko bi ordezkariek, Miren Iriartek eta Mari Romerok. Elkartea «euren herrialdeetan dena utzi eta hona datozenei bizitza errazteko» lan egiten duten boluntarioz osatuta dago, eta jasotakoa «laguntza handia» izango dela adierazi dute.
Herrian bizi diren kanpotarren “ondoan” egoteaz gain, beharra duten beste leku batzuetara ere bidaltzen dute laguntasuna Hotz Legazpikoek eta, besteak beste, Zaporeak elkartearekin, Irungo Harrera Sarearekin eta Aita Mari itsas-ontziarekin elkarlanean egindako kanpainak gogoratu dute bi boluntarioek. Arropa eta janari bilketak, sinadura bilketak eta eskoletako sentsibilizazio kanpainak dira egiten dituzten ekintzetako batzuk.