Asiako zaporeek ere estimazioa dute Ordizian
Geroz eta produktu berezi gehiago iristen dira feriara. Pak choi edo zerba japoniarra ezaguna da aurretik, eta atzo hasi zuen denboraldia. Bitartean, Gabonetarako eskaintza handituz doa astetik astera.
Goiz erdi aldean martxan jarri zen Gipuzkoako odolki lehiaketak usain gozoz bete zuen plaza ingurua, eta giro polita jarri zuen udaletxe aurrealdean. Beasaingo Olano txapeldun izendatu zuen epaimahaiko kideek ez ezik, nahi zuten guztiek izan zuten odolkia dastatzeko aukera, han gertu postua zuten Jakintza ikastolako DBH-4ko ikasleei pintxoa erosita.
Feriak, bitartean, ohiko martxa izan zuen, eta azken asteetan bezala, berritasunak ere eskaini zituen, eta berritasun nagusiak Asiako zaporea izan zuen. Izan ere, bertako jatorria du Montesen postuan Arantxa Iparragirrek eta Patxi Izagirrek salgai zuten pak choi deritzan barazkia, japoniar zerba edo azelga izenez ere ezaguna. Hemengoak baino zapore suabegoa duela zioen Monteseko bikoteak, eta poliki-poliki zabaltzen ari dela bere kontsumoa ere bai.
Gabonetarako, gozoak
Bestela, Gabonei begirako produktuak ugaritzen ari dira, eta aurreko astean hasitako poinsetia edo pazko loreen artean, zuriak eta arrosak ere izan ziren atzo salgai, nahiz eta eskatuenak gorriak izan ziren. Horiekin batera, Maria Dolores Mendizabalek ardisia izeneko landare bat ere bazuen, pepita arrosaz betea, eta Gabonetako apaingarri gisa erabiltzeko oso aproposa (30 €).
Egun seinalatu horietan ohikoak diren gozo kontuak ere hasita daude, eta jendeak erosten ditu dagoeneko. Gozoen artean, bonboiak (14,9-30,9 euroan kiloa), polboroiak eta mantekadoak (9,9-14,9 €), mazapanak (15,9 €) eta girlatxea (20,9 €) nabarmendu behar dira, eta frutetan, mahats pasak (5,5-17,9 €), pikuak (6,30-11,9 €), aranak (8,5-9,95 €) eta orejoiak (12,9-17,9 €).
Eta perretxikoek ohiko martxarekin jarraitzen dute. Atzo, 140 kilo onddo (14-32 €), 40 kilo niskalo (10-20 €), 10 kilo saltsa perretxiko beltz (18 €),16 kilo mendiko angula (18 €), 2 kilo ziza hori (12 €) , 4 kilo kardu perretxiko (18-22 €) eta 3 kilo ziza hanka urdin (15-18 €) izan ziren salgai.