Eskola publikoek hezkuntza legea errefuxatu eta greba egin dute
Sindikatuen arabera «jarraipen zabala» izan du; Jaurlaritzaren arabera, «egun tristea» izan da. Goierrin, Urdaneta eskolaren atarian mobilizatu dira
Goierriko eskola publikoetan greba eguna izan zen atzokoa. ELAk, LABek eta Steilasek antolatu zituzten lanuzteak, Publikoa, euskalduna eta propioa helburu. Hezkuntza lege aurreproiektu honi ez, legea langileokin eraiki lelopean. LABeko Irati Tobarren esanetan. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako unibertsitatera arteko eskola publikoetako langileen %60k babestu zuen greba deialdia. «Jarraipen zabala» goretsi zuen.
Eusko Jaurlaritzak, berriz, jarraipen epelagoa izan zuela esan zuen. Azaldu zutenez, ikastetxeen %92en datuak jaso zituzten, eta horietan irakasleen %35ak egin zuen greba, batez beste. Haien esanetan, 9.260 irakaslek bat egin zuten deialdiarekin.
Hamar punturen bueltan eraiki dute aldarria sindikatuek: Hezkuntza Legeak publikoa izatea «ardatz»; segregazioari aurre egitea eta gizarte kohesioa bermatzea; publifikazio marko eta araudi orokorra eta adostutakoa ezartzea; legea «propioa» izatea; inbertsio eta baliabide nahikoa jasotzea; euskara erdigunean jartzea; betebehar eta kontrol mekanismo zehatzak ezartzea; hezkuntza sistemako langile guztien lana eta «lan baldintza egokiak» bermatzea; merkatuen interesen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik at egotea; eta lege parte hartzailea izatea, langileak aintzat hartuko dituena.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak grebari buruzko adierazpenak egin zituen. Esan zuen «ulertezinak» zaizkiola greba deialdiak, eta horretarako arrazoiak ere «ulertzeko oso zailak» egiten zaizkiola. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak «egun tristea» izan zela esan zuen.
Ordizian, elkarretaratzea
Greba deialdiarekin hainbat eragilek egin zuten bat. Urdanetarrak guraso elkarteak, esaterako, elkarretaratzea egin zuen atzo arratsaldean Ordiziako Urdaneta eskolaren atarian. Hezkuntza Legearen aurkako eta Eskola Publikoaren aldeko jarrera adierazteko baliatu zuten mobilizazioa. Gainerakoan, manifestazio nagusiak Bilbon, Donostian eta Gasteizen egin ziren. EH Bildu, Alternatiba eta Elkarrekin Podemos-IU alderdiek edota ESK, CNT eta CGT sindikatuek mobilizazioak babestu zituzten.
Sindikatuek presio neurriei eutsiko diete etorkizunean. Abenduaren 14rako, osteguna, bigarren greba eguna antolatu dute.