Falta zitzaion saria
Ekaitz Goikoetxeak San Andres Bertso Paper lehiaketako lehen eta bigarren sariak lortu ditu. Bizirik dauden bertso paper lehiaketa guztietan gailentzea lortu du bertsolari goierritarrak
Ekaitz Goikoetxeak Eibarko (Gipuzkoa) San Andres Bertso Paper Lehiaketa irabazi du. Are gehiago, bigarren postua ere beretzat izan da. Torturatu baten eta aiton-biloben azaletik idatzi ditu bertsoak.
San Andres lehiaketa zen bizirik dauden dozena bat bertso paper lehiaketen artean sariren bat ateratzeko falta zitzaion bakarra. Harra zuenez, aurkeztea eraki zuen. “Jolas modura”, dio, bilduma osatzeko. “Poza ematen du horrenbeste txapelketek, bakoitzak bere epaimahaiarekin, norbere bertsoak baloratzea”, nabarmendu du.
Urtean bizpahiru bertso sorta idazteko etorria duela kalkulatu du. Hain justu, urte hasieran bi txapelketa falta zitzaizkion eta horiek jarri zituen helburu. Pentsatu eta egin. Udaberrian Altzako Bertso Paper Lehiaketa irabazi zuen. Orain, Eibarkoa.
Atseden hartuko du. Lan eta beste sormen proiektu batzuk medio, denborarik gabe dabilela dio. Bertso paper lehiaketetara zortzi bertsoko sortak aurkeztu behar izaten dira eta zortzikotea ez duela eserialdi batean osatzen esan du. Su txikian prestatzen dituela nabarmendu du; behin prest dituenean, txapelketetara aurkezten ditu. “Une honetan sortarik gabe geratu naiz eta oso polita da hori ere”, aipatu du. Bere bizi osoan ehun sorta idatziko zituela kalkulatu du atzera begiratuta. “8 urte nituenetik orain arte idatzi ditudan sorta guztiak, lehenago edo geroago, han edo hemen sarituak izan dira. Eta horrek asko poztu nau”, azpimarratu du.
Geldialdia zenbat luzatuko den ez daki. “Tarte batean, behintzat, ez dut idazteko asmorik”. Zer eta nola esana duenean itzuliko dela aurreikusi du. “Orain baino lehen, hamahiru urte egon nintzen ezer publikatu eta inora aurkeztu gabe. Eta esango nuke azken sei edo zazpi urteotako nire sormena elikatzeko ezinbesteko izan zela isiltasun hori”.