Erik Galvez da EAJren Legazpiko alkategaia
Alkategai aukeratu izana arduraz betetako ohorea dela adierazi du, eta ilusio handiz hartzen duela.
Legazpiko EAJk Erik Galvez aukeratu du datorren urteko maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako zerrenda buru. Urriaren hasieran abiatu eta abenduaren 1ean amaitu den barne hauteskunde prozesuaren ondoren eman du jakitera alderdi abertzaleak Galvezen hautagaitza.
Erik Galvez 37 urteko legazpiarra da, ezkonduta dago eta laster ehen semea izango du. Zuzenbidean graduatua da, eta gobernantzaren berrikuntzan graduondoko diploma du.
Gaztea izan arren, enpresa munduan eta politikan esperientzia handia duela dio bere hautagaitza aurkezteko EAJk kaleratu duen oharrean. Gidarien gaitasun psikofisikoak neurtzen dituen enpresa baten jabea eta zuzendaria da, eta bere ibilbide politikoa 2015ean hasi zuen. Azken 7 urteetan hainbat arloko zinegotzia izan da Legazpiko Udalean, eta gaur egun alkateordea, gobernu-taldearen bozeramailea eta lurralde-arloko arduraduna da. Gainera, 2020tik, Gipuzkoako Batzar Nagusietan, EAJko bide-azpiegituren bozeramailea da, eta duela bi urtetik hona, Legazpiko EAJren Uri Buru Batzarreko lehendakaria ere bada.
Bizilagunekin lankidetzan
Galvezek adierazi duenez, “alkategai aukeratu izana arduraz betetako ohorea da, eta ilusio handiz hartzen dut. Politika konpontzeko eta aurrera egiteko tresna dela sinisten dut, ez aurrez aurre jartzeko. Entzuten, enpatizatzen, eta besteen beharrak ulertzen ahalegintzen naiz. Argi daukat, jendeak ez badu zugan konfiantzarik, ezin duzula politikan jardun. Emandako hitza, errespetua, gizabidetasuna, lan gogorra eta etengabea betetzea dira egunero gidatzen nauten balioak eta printzipioak”.
Bestetik, azken 7 urteetan “aurrerapen handiak” egin dituztela ere esan du, eta “hobetzen jarraituko dugu herri aurreratu, justu, orekatu eta solidario baten alde. Azken batean, pertsonak zaintzen dituen eta etorkizunari baikortasunez begiratzen dion herri dinamikoa. Hori guztia bizilagunei entzuteko eta haiekin lankidetzan aritzeko lan baten bidez baino ez dugu lortuko.”