Garai bateko mutilen eskola hura
Patrizio Etxberriak bere langileen semeentzat eta herriko mutil pobreentzat sortutako ikastetxearen historia argazkien bidez jasotzen duen erakusketa inauguratuko dute gaur.
Buen Pastor ikastetxea zuen izena, Kristau Eskoletako Anaiek edo salletarrek kudeatzen zuten, eta Patrizio Etxeberriak sortu zuen 1942an herriko haur pobreentzat eta, bereziki, bere langileen semeentzat. Fabrika bat, ikastetxe bat: Buen Pastor izenarekin, ikastetxe haren historia jasotzen duen erakusketa inauguratuko dute gaur.
Erakusketa hori Buen Pastor ikastetxeko kapera zaharrean eta gela batean jarriko dute, gaur Haztegi Ikastola dagoen eraikinean. Hain zuzen, bi gune horiek museo bihurtuta ditu Lenbur Fundazioak, mutilen eskola hura eta 1950eko hamarkadako garaiak gogoratzeko.
Lenburrek berak sustatu du erakusketa, eta abenduko eta urtarrilaren 7ra arteko ostiral (18:00-20:00), larunbat (11:30-13:30 eta 18:00-20:00) eta igande eta jaiegunetan (11:30-13:30) egongo da irekita.
Erakusketa honen antolaketaren atzean Aurelio Gonzalez dago, eta aspaldi biltzen hasita zegoen argazki zaharretan du jatorria. Gonzalezen ustetan, erakusketak «joan diren pertsonak, objektuak, eraikinak gogoratzeko eta berreskuratzeko modu bat dira», eta horrek bat egiten du Lenbur Fundazioak erakusketen bidez herriko historia berreskuratzeko duen helburuarekin. Ildo horretan, Legazpiko zinemaren historiari eta lehenengo lantegiei buruzko beste bi erakusketa ere egin dituzte.
Argazki bilduma
Gonzalez bildumazalea da, «memoriaren txatar-biltzaile deitu zidan behin batek». Oraingoan eskolarekin zerikusia zuten argazkiak atera ditu argitara, «haren historia kontatzeko». Bilduma egiterakoan, eta batez ere argazkietan agertzen diren pertsonak identifikatzen lagundu zioten Luziano Aseginolaza zena eta Migel Gurrutxaga ditu gogoan. Jende gehiagok ere lagundu dio, baita Lenburrek ere, eta oso lagungarri gertatu zaizkio salletar fraideen artxiboak.
Fraideen jantziak eta bestelako materiala ere ikusgai izango dira, baina batez ere argazkiak. «Denak ezin izan ditugu paretetan eskegi, baina zortzi album jarri ditugu, eta jendea gonbidatzen dugu argazkietan agertzen diren pertsonak identifikatzera, eta etxean dituzten argazkiak gurekin konpartirtzera ».
Gonzalezek Bittor Larraza eta Txakel Urarteren laguntza izan du erakusketa muntatzerakoan.