Irene Paredes deituko da aurrerantzean lehengo Bikuña kirol gunea
Legazpiko Udaleko osoko bilkurak aho batez onartu du izen aldaketa. Paredesen kirol lorpenak eta herriarekiko beti agertu duen konpromisoa izan dituzte kontuan.
Legazpiko Udalaren azaroko osoko bilkuran aho batez onartu eta gero, herriko kirol gune nagusia Irene Paredes Kirol Gunea deituko da aurrerantzean. Lehen Bikuña Kirol Gunea deitzen zen, eta bertan daude futbol zelaia, atletismo pista, kirol anitzeko pista eta padela. Kiroldegiak, ordea, Bikuña izena mantenduko du.
Izen berriaren arrazoia Irene Paredes “kirol arrakasta handiena eta nazioarteko proiekzioa lortu duen kirolari legazpiarra” izatean datza. Baina kirol mailako lorpenez gain, Paredesek Legazpirekiko beti erakutsi duen “konpromiso irmoa” ere nabarmendu du Udaleko osoko bilkurak.
Kirol lorpen handiak
Ilintxa Kirol Elkartearekin futbolean aritu aurretik, Goierri Garaia atletismo taldean abiatu zuen Paredesek bere kirol ibilbidea, eta bi modalitateetan bildu ditu lorpen handiak.
Atletismoan, zilarrezko domina bat lortu zuen Euskadiko Txapelketa Absolutuan, jabalinaren espezialitatean, eta Gipuzkoako errekor absolutuari eusten dio jabalina berrian. Horiez gain, nazio mailako proba konbinatuetan lortutako hainbat domina ditu, hala nola, hexatloian eta heptatloian.
Futbolean egindako bidea ezagunagoa da. Gipuzkoako Futbol Federazioak jokalari gazterik onena izendatu zuen 2009an.
Nazioarteko jokalaria izan da, eta Espainiako futbol selekzioko kapitaina izatera iritsi zen, baita jokatu duen klubetako kapitaina ere. Champions League-ko txapeldunordea izan da, eta 2021ean Urrezko Baloia eskuratzeko izendatua izan zen.