Joxe Mari Auzmendiri liburua eskaini dio Hik Hasi egitasmo pedagogikoak
'Euskal pedagogoa lokatzetan' du izenburua, eta hogei egileren artean osatu dute. Omenaldi kutsua du argitalpenak.
Joxe Mari Auzmendi legazpiarrari eskainita, Euskal pedagogoa lokatzetan izenburuko liburua argitaratu du Hik Hasi egitasmo pedagogikoak. Atzo aurkeztu zuten liburua Donostiako Koldo Mitxelena kultur gunean, egileetako hiru diren Lorea Agirrek, Ane Ablanedok, Joxe Mari Agirretxek eta Hik Hasiko Ainara Gorostizuk.
Hik Hasik Joxe Mari Auzmendi zenari eskaini dio liburua, “irakasleentzat eredu eta akuilu izan dadin”. Liburuak “A-tik Z-ra, Joxe Mariren lana, bizitza eta, batez ere, balioak” jasotzen ditu. “Gaur inoiz baino gehiago aldarrikatu beharreko hezkuntza balioak biltzen ditu: ausardia, zubigintza, zaintza, konpromisoa…”. Hezkuntzarekin, euskararekin eta hobekuntza pedagogikoarekin konprometituak dauden irakasle guztiei, eta euskalgintzan eta herrigintzan dabiltzan herritar guztiei zuzenduriko liburua dela diote Hik Hasiko arduradunek.
Hiru urte beteko dira otsailean Auzmendi hil zela, “eta bizi zen artean, aski merezia zuen arren, ez zuen omenaldirik nahi izan, halako izaera zuen: umila, ez zen protagonismo zalea”. Hori dela eta, “omenaldi kutsua ere badu” liburuak, eta hainbat pertsonak parte hartu dute horretan, hogeitik gora: aurkezpenean parte hartu zutenez gain, Maialen Lujanbiok, Josu Txapartegi ‘Txapas’-ek, Arantxa Urbek, Irene Lopez Goñi irakasleak, Jon Sarasuak, Pello Otxandianok, Joseba Sarrionandiak, Nora Salbotxek… Guztien artean, “A-tik Z-ra saiatu gara Joxe Mariren balioak biltzen”, eta egile bakoitzak, proposatu zioten hitzari jarraituz idatzitakoarekin, osatu dute Auzmendiren profila.
Hik-Hasiren sortzaile nagusia
Hik Hasi egitasmo pedagogikoaren sortzaile eta bultzatzaile nagusia izan zen Joxe Mari Auzmendi (Azkarate, Nafarroa, 1954) 2020ko otsailaren 13an hil zen. Auzmendi, hiru urterekin iritsi zen Legazpira; zortzi senidetatik zazpigarrena zen. Kimika ikasi zuen, eta Patrizio Etxeberria lantegiko laborategian lan egin eta gero, Haztegi ikastolan hasi zen irakasle lanetan. Hik Hasi egitasmo pedagogikoaren sorreran partu hartu zuen, eta ikastola utzi eta gero, 1995ean kaleratzen hasi ziren Hik Hasi aldizkariko koordinatzaile lana hartu zuen. Hernanin bizi zen, eta jubilatzeko puntuan zegoen hil zenean.
Euskaltzalea zen eta, besteak beste, Hots eta Ene Bada! euskal aldizkarien sorreran parte hartu zuen eta zinegotzia ere izan zen. Futbol munduan ere ezaguna izan zen gaztetan; Ilintxan, Bergaran, Eibarren eta, ikasten ari zela, Huescan ere jokatu zuen.