San Nikolas iritsi da Legazpira
Joseba Castillejo izan da aurtengo gotzain txikia. Zegaman eta Seguran ere egingo dituzte errondak hurrengo astelehenean eta asteartean.
Urteroko ohiturari eutsiz, aurten ere erronda egitera iritsi da Legazpira San Nikolas gotzaina, Gabonen gertutasuna iragartzeko.
Joseba Castillejo gotzainaren papera eginez, Laubidetik Kale Nagusira bitarteko ibilaldia egin dute dozenaka legazpiarrek, Doinua Musika eskolako irakasleek eta ikasleek lagunduta. Errondan zehar San Nikolas, San Nikolas santua, Urte berri berri eta Daukanak kantetako koplak abestu dituzte.
Ohi bezala, Santikutz adinekoen egoitza ere bisitatu dute San Nikolas gotzainak, errondariek eta musikariek, eta plazan amaitu dute ibilbidea.
Hurrengo astean, Zegaman eta Seguran
Goierrin beste bi herritan ere mantentzen da San Nikolas egunaren inguruan erronda egiteko ohitura. Zegaman, astelehen goizean egingo dute, Aitxuri herri eskolak antolatuta, eta Seguran, San Nikolas egunean bertan, abenduak 6, goizean.