'Zintzo Mintzo 30 urte' beka aurkeztu dute Euskararen Egunean
Urretxuko eta Zumarragako euskara elkarteak 30 urte beteko ditu urtarrilaren 21ean. Mintzodromoaren ondoren egin dute aurkezpena. Lanak aurkezteko azken eguna urtarrilaren 9a da.
Euskararen Nazioarteko Eguna, mintzodromoaren ondoren egindako aurkezpenean, Zintzo Mintzo Euskara Elkartek beka sortu duela iragarri du. “Herrian euskararen erabileraren bilakaerak izan duen egoera kontuan izanda, eta Urretxu-Zumarragako euskara elkarteak 2023an 30 urte beteko dituela aintzat hartuta Zintzo Mintzo Euskara Elkarteak ondorengo proposamena aurkeztu nahi du. Jakingo duzuen moduan Urretxu-Zumarragan egin zen azken kale neurketan gazteen erabilera %5,4 besterik ez dela ikusi genuen, eta herriko euskara elkartetik honi aurre egite aldera beka bat sortzea erabaki dugu”.
Bekak bi zati izango ditu. Batetik, azken 30 urte hauetan Zintzo Mintzo Euskara Elkarteak izan duen ibilbidearen inguruko ikerketa lan bat egitea. Eta bestetik, Urretxuko eta Zumarragako euskal komunitate digitala sustatu, Elkartea komunikazio bide berrietan egokitu eta belaunaldi berrietako gazteengana iristeko. Horretarako, sare sozialak elikatu beharko ditu.
“Honen guztiaren informazio xehetua Zintzo Mintzoren Facebook orrialdean eta bi herrietako udaletako web orrialdeetan zabalduko da”.
Lanak aurkezteko epea urtarrilaren 9an amaituko da. zintzomintzoeuskaraelkartea@gmail.com helbidera bidali beharko dira lana. Onuraduna nor den urtarrilaren 21ean esango da (Zintzo Mintzok 30 urte betetzen dituen egunean).
Argazkiak: Gotzon Aranburu.