Bi hitzarmen berrituta
Alemaniako Bonn eta Hungariako Budapest hirietako garraio zerbitzuekin hitzarmena berritu du CAFek. Bi akordio horien guztizko bolumena 75 milioi euro baino gehiagokoa da.
Beasaingo CAF lantegiak bi kontratu hitzarmen berritu ditu Alemaniako Bonn eta Hungariako Budapest hirietako garraio zerbitzuekin. «Bezero horiek CAFekin duten konfiantza berresten dute hitzarmen horiek, eta unitate mota hauetan Europako merkatuan dugun lidergoaren erakusgarri dira». Bi operazio horien guztizko bolumena 75 milioi euro baino gehiagokoa dela aurreratu du CAFek.
Maiatzean, Bonn hiriko eta inguruetako garraio-zerbitzuetako operadoreek –Stadtwerke Bonn Verkehrs GmbH (SWBV) eta Elektrische Bahnen der Stadt Bonn und des Rhein-Sieg-Kreises GmbH (SSB) enpresek–, CAFi esleitu zioten LRV motako 22 unitate hornitzeko kontratua. Akordio horrek irismena beste 10 unitatetan handitzeko aukera jasotzen zuen, eta aukera hori 7 hilabete eskas geroago erabiltzea erabaki dute. Ondorioz, hornitutako unitate kopurua, guztira, 32 LRVkoa izango da.
Budapesterako tranbiak
Bestalde, CAFek 20 tranbia berri hornituko ditu Budapesterako. Hungariako hiriburuko garraioaren kudeaketaz arduratzen den BKK enpresak erosiko ditu. Unitateak bost modulukoak izango dira, eta entrega 2024ko bigarren seihilekoan egitea espero dute. CAFek 2014an sinatu zuen lehen kontratua BKKrekin.