Biziolak heldu die azken prestaketei, denda urtarrilaren 20an irekitzeko
Batzar orokorra egingo dute abenduaren 17an, Biziola fabrikaren funtzionamendua zehazteko. Aste honetan lokalak margotuko dituzte, eta langile-poltsa ere ireki dute.
Biziola fabrikako Bizigaia dendak badu irekiera data: 2023ko urtarrilaren 20a, ostirala. Goierriko lehen sektorearen plaza izateko helburuz, hainbat ekoizleren gaiak salduko dituzte. Banaketa gune gisa ere funtzionatuko du.
Irekierari begira, azken prestaketa lanetan murgildu dira Biziolako kideak. Behin kooperatiba, haren aginte organoak eta lan taldeak sortuta eta osatuta, azpiegitura egokitzen jardun dira azken hilabeteetan, Lazkaoko eraikinean.
Aste honetan, abenduaren 5etik 9ra, fabrika margotzeko lanak egingo dituzte, auzolanean hori ere. Astegunetan egunero, 09:00etatik 13:00etara da aurreneko lan txanda, eta 14:00etatik 18:00etara bigarrena.
Batzar orokorra ondoren
Biziolako salmenta eta banaketa gunea martxan jarri aurretik, batzar orokorra egingo dute, abenduaren 17an, larunbatarekin, 10:00etan. Fabrikaren funtzionamendua azalduko dute bertan, eta etorkizun hurbilerako pausoak erabakiko dituzte. Orain arte egindakoen balantze bat ere aurkeztuko dute. Maiatzaren 14ko eratze batzarraren ondoren, lehenengo batzar orokorra izango du kooperatibak.
Biziola kooperatibako bazkide guztiak daude batzarrera deituta. 360 bazkide ditu gaur egun ekimenak. Irekita segitzen du bazkidetzaren aukerak.
Lan poltsa
Denda eta banaketa-gunea martxan jartzeak, langileak hartu beharra ere ekarriko dio Biziolari. Lan poltsa ireki dute, bertan lan egin nahi duten interesatuei zuzenduta.
Biziolaren dinamikan «berehalakoan» hastea eskaini dute, eta dendan nahiz banaketa lanetan aritzeko langileak behar dituzte. Izena eman behar dute interesatuek, biziola.eus/lanpoltsa webgunean.
Azkenik, eta urtarrilaren 20ko irekierari begira, ekitaldi bat eta egitaraua prestatzen ari da Biziola. Orain arteko urratsekin egin bezala, «guztien artean ospatu» nahi dute kooperatibaren jardueraren abiera.