Urrezko Aizkolari Kopa, Zeraingo pilotalekuan, igandean
Eusko Label Saria jokatuko da, 12:00etan. Basozabal-ek, Txikia IV.ak eta Zalduak parte hartuko dute. Lehenengo sailkatuak finalerako txartela lortuko du.
2022 Urrezko Aizkolari Kopako Eusko Label Saria jokatuko da igandean, Zeraingo pilotalekuan, 12:00etan hasita. Jokin Urretabizkaia Basozabal-ek, Julen Alberdi Txikia IV.ak eta Xabier Zaldua zumarragarrak parte hartuko dute. Kana erdiko 8 enbor moztu beharko dituzte. Denborarik onena egiten duenak finalerako txartela lortuko du. Abenduaren 31n jokatuko da finala, Asteasun.
Binakako harri-jasotzaile txapelketa ere jokatuko da. Jokin Eizmendi eta Iraitz Arruti Burni Txiki ariko dira, batetik, eta Aimar Galarraga eta Paulo Azpiazu, bestetik. Erabiliko dituzten harriak 175 kiloko laukizuzena, 100 kiloko zilindro zaharra, 125 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola izango dira.
Horrez gain, emakumeen herri kirol txapelketa jokatuko da, Gorbeia Taldearen eskutik, lau kiroletan: txingo-erutea, harri-jasotzea, aizkora eta ingudea.