'Altzo'-k mugarria goian jarri du
Aizkoran, bizikletan eta korrika konbinatutako Hiru-Ekin kirol erronka 1.07.10 orduan bukatu du. Baldintza batzuk aldeko izan ez arren, balekotzat jo du esperientzia
«Hainbestean» batekin laburtu du Migel Mari Jauregi Altzo-k larunbatean Zaldibian egin zuen Hiru-Ekin kirol probako sentsazioa. Asebeteta eta bere buruarekin kontent geratu da kirolari zaldibiarra. 68 urte abuztuaren 28an beteta, aizkora, bizikleta eta korrika proba galanki gainditu du, eta eztia dastatu du.
Eguerdian, Zaldibiako plazan ekin zion aizkorarekin, 80 ontzako bi enbor ebakitzeari. Joxe Aierbe eta Iñaki Azurmendi zituen laguntzaile. Egurrak «lehor samarrak» atera zitzaizkion. «Udan ekarritakoak ziren, eta tarteka ura botaz eduki ditut. Baina testura aldatzen zitzaien ebaki ahala». Erritmo erregularrez, eta gerokoekin oroituz indarrak erreserbatuz, kontrolpean eta airoso bukatu zuen lehen zatia, 21.36 minutuan.
Hurrengo bi ataletarako, eguraldiaren eragina sumatu zuen, euria egina baitzen aurreko egunetan. Bizikletan «hainbestean» osatu zuen plazatik Olakosaroirakoa. Malda gogorrenetan, zutitu eta gurpilak labain egitea zuen kezka; atzeko gurpila hustuxeago eraman zuen horregatik. «23 hortzeko pinoiarekin igo izan dut, eta beste bi jarri zizkidaten: 24koa erabili nuen aldapa handienean, baina 28koa ez nuen sartu, ez baitakit eserita igotzen. Bukaera suabeagoa dauka, hankak soltatzeko ona». 19.17 minutuan igo zen.
Zangosagarren kezkaz
Azken jokalekua, Olakosaroitik Ausa Gaztelu gailurrera oinezkoa, astun eta labainkor topatu zuen. «Pinudiko erdibidean indar gutxirekin nindoan, eta irristadaka. Igotzeko, sekula baino okerrago topatu nuen mendia; ganadu-hanka zuloak, lokatza zegoen… Segurtasunik gabe».
Ur falta nabaritu zuen, eta zangosagarra igotzeko keinuka. «Ura ez zegoela kanpotik ematerik esan zidaten, nik eskatzen nien arren. Ura norberak hartu behar izaten du, leku jakinetan». Azken partea ere osatu zuen ordea, pauso «motz-motzetan». Oinezko zatia 25.03 minutuan osatu zuen; Hiru-Ekin proba osoa, berriz, 1.07.10,26 orduan.
«Detaile guztiak» kontuan ez hartzearen okerra nozitu zuen. «Gauza txiki horiei ez nien garrantzirik eman, baina zer inportanteak diren. Goian ere inork ez zeukan urik, mendira igo ziren bi neskaren infusioa bakarrik».
Helburuak bete ditu Altzok: «Holakoxe zerbait egin nahi nuen. Jubilatu eta gero, esperimentatu egin dut. Ez markak jartzearen harrokeriagatik, sentsazio hori zer den jakiteagatik bakarrik. Sasoia joan eta gero, Uztapiderena; baina egunerokoan ariketa eginda eta ibiliz gero, erraz ibiltzen zara. Erregulartasun bat hartzen duzu, gainera».
Egunaren egokitasuna hizpidera ekarriz bukatu du balorazioa: «Ausa Gaztelun, nafar bandera eta nafar erresumako dorre eraikinaren arrastoak han zeuden; Euskararen eguna, Nafarroaren eguna, Xabier eguna zen. Eguna propioa zen. Besteren bati okurritzen bazaio, egin dezala egun berean».












