Lujanbio Zumarragan, finalaren aurreko igandean
Ordiziakoa lau urtean behingo bertso jaialdi klasikoa bada, Zumarragan badute urteroko bertso hitzordu bat, Luzio Gabiriaren omenezkoa. Formatuz eta kopuruz xumeagoa bada ere, ez da horregatik eskasagoa. 35. ekitaldia du bertso jaialdi honek, eta ZUBertsotan Zumarraga-Urretxuko Bertso Eskola arduratzen da antolaketaz.
Abenduaren 11n, igandearekin, izango da aurtengo jaialdia, Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Lau bertsolari ariko dira kantuan: Maialen Lujanbio, Txaber Altube, Sustrai Colina eta Amaia Iturriotz urretxuarra. Abenduaren 18an da Iruñeko Nafarroa Arenan txapelketa nagusiko finala, eta haren aurretik Lujanbio txapelduna kantuan aditzeko azken aukeretako bat izango da. Iturriotz da aurtengoan abestuko duen etxeko bertsolaria.
Sarrerak 10 euro balio du, eta Zelai Ariztiko makinan, leihatilan —zinema ordutegian— zein webgunean eros daitezke.
Gabiria hil zela 36 urte
Luzio Gabiria Alustiza (Gabiria, 1923 Zumarraga, 1986) bertsolaria, jartzailea, epailea eta bultzatzailea hil zela 36 urte bete dira aurten, eta haren omenezkoa Santa Lutzi bezperatan Zumarragan antolatzen den saioa.
Bertsolaria izan zen aurrena, baina arrastoa antolatzaile edo sustatzaile modura utzi zuen. Zumarragan hasi zen bertsolaritza ereiten. 1961ean, esaterako, Galeperra elkarteko zuzendaritzan tokatu zitzaionean, hasi zen lehenengo bertso-afariak antolatzen, gazteentzat.