Maite Martinez mediku zuzendariordeak ere dimisioa eman dezake
Donostia Ospitaleko ESIko mediku zuzendariordeak bi goi arduradunen kargugabetzearen ondorioz dimitituko luke. 23 zerbitzuburuk «politika suizida baztertzeko» eskatu dute
Maite Martinez (Ordizia, 1971) Donostia Ospitaleko ESI erakunde sanitario integratuko mediku zuzendariordeak dimisioa eman dezakeela iragarri du Euskadi Irratiak. Ostiralean, Donostiako ESIko bi goi arduradun kargugabetu zituen Osakidetzako zuzendaritzak: Itziar Perez zuzendari kudeatzailea eta Idoia Gurrutxaga mediku zuzendaria. Kargugabetzeen ondorioz, Adolfo Begiristain kirurgiako zuzendariordeak eta Loreto Marquet erizaintza zuzendariordeak dimisioa eman dute. Aipatutako hedabideak zabaldu du Martinezek ere dimitituko duela, kargugabetzeekin desados. Lerro hauek idazterakoan oraindik ez zen ofiziala.
Kargugabetzeek haserrea eragin dute Donostiako ESIko zuzendaritza lan taldean. Begiristainek dimisioa aurkeztean «desadostasuna» adierazi zuen Osasun Sailarekin, eta salatu zuen osasun sare publikoa «era diktatorialean» kudeatzen dela. Donostia Ospitaleko ESIko 23 zerbitzuburuk Osakidetzako Zuzendaritza Orokorreko arduradunen dimisioa eskatu diote Gotzone Sagardui osasun sailburuari, «burugabekeria honen konplize izan nahi ez badu», eta Osakidetzari eta Osasun Departamentuari «politika suizida baztertzeko». Kargugabetzeak erabaki mediku edo profesionalak kontuan hartu gabe egin direla salatu dute, eta kargugabetu dituztenen «balioa eta ausardia» azpimarratu dute, zerbitzua hobetzeko helburuz hartutako neurriak «zigortu» dituelako Osakidetzak.
Itziar Perez zuzendari kudeatzailearen kargugabetzearen ondoren, Agustin Agirre izendatu dute Donostia Ospitaleko ESIko zuzendari kudeatzaile, eta Idoia Gurrutxagaren ordez, Ana Bustundui izendatu dute mediku zuzendari.
Krisia agerikoa da. Azken kargugabetzeen ostean, Gotzone Sagardui osasun sailburuak atzo eman zituen gaiari buruzko lehenengo azalpenak, lehendakaritzan, hedabideen aurrean. Zergatiak zehaztu gabe, adierazi du «arduradun aldaketak ohikoak» direla, eta helburua «erakundea eta zerbitzua hobetzea» dela.