Ataunen, Lazkaon eta Seguran euskal liburu eta diskoaren azokak egingo dituzte abenduaren 16tik 18ra
Aurten argitaratutako liburugintzako eta musikagintzako berritasunak erosi ahalko dira, bai aurrez katalogotik eskaria eginda, bai azokan. Hiru herrietan, produktuek %15eko deskontua izango dute, udalen finantzazioari esker.
Goierrik ere liburu eta disko azokak izango ditu, Gabon aurreko asteburuan. Abenduaren 16an, 17an eta 18an, Ataungo Herri Antzokian, Lazkaoko plazako frontoian ta Segurako Botikaxaharra lokalean jarriko dituzte aurtengo nobedadeak. Gaur aurkeztu dute hiru eragileek, Ataungo udaletxean.
Urte bat gehiagoz, goierritarrentzat euskarazko argitalpenen eskaintza osoa jarriko dute azoketan. Nobedadeak eta berriak egongo dira, batez ere. Bai aurtengoak, bai iazkoak. Horiez gain, intereseko suerta litezkeen beste hamaika titulu ere bai. Produktu guztiek %15eko deskontua edukiko dute, hiru udalen laguntzari eskerrak.
Lazkaon, abenduaren 16an, ostirala, 16:30ean zabalduko dute azoka. Larunbat eta igande goizetan egongo da zabalik. Aurreko aste horretan, gainera, liburu aurkezpenak antolatuko dituzte Gerriko dendan, 19:30ean. Astelehenean (abenduak 12) Mikel Alvarez Euskalia-rekin eta Iker Sancho Anton Tekhov errusiarraren 31 ipuin euskaratuarekin izango dira; asteartean, haur literaturako bost lanekin, Irati Garmendia batetik (lau liburu atera ditu), eta Amaia Telleria idazlea eta Laida Ruiz ilustratzailea, bestetik, Zuhara, Clionaren kanpaiak lanarekin. Asteazkenean, azkenik, Ana Santiago eta Lurdes Ulazia Txokomates. Txokolate zaporeko mate laborategia liburuarekin izango dira Gerrikon.
Ataunen, Arantxa Urretabizkaia idazlea gonbidatuko dute, abenduaren 17an, 12:30ean, azokara. Azken etxea eleberria aurkeztuko du.
Seguran, azoka aurreko lehenengo ekitaldia larunbat honetan dute, abenduaren 10ean (12:00). Ipuin, bertso eta marrazki lehiaketetako sariak banatuko dituzte. Hurrengo asteburuan, abenduaren 16an irekiera ekitaldia ospatuko dute, 18:30ean. Udal egutegiaren aurkezpena, haren argazki lehiaketako sari ematea, Azpilla dantza taldearen saskiaren zozketa, eta herriko koruaren kantaldia izango dira.
Goierriko liburu eta disko azokak 2022
Ataun
- Ordutegiak: abenduak 16 18:00-19:00, abenduak 17 larunbata 11:00-14:00, abenduak 18 igandea 11:00-14:00.
- Tokia: Herri Antzokian, San Martin auzoa.
Lazkao
- Ordutegiak: abenduak 16 ostirala 16:30-20:00, abenduak 17 larunbata 10:00-14:00, eta abenduak 18 igandea 11:00-14:00.
- Tokia: plazako frontoia.
- San Benito ikastolaren bigarren eskuko jostailuen merkatu txikia ere egongo da.
- Ekitaldi osagarriak: Gerrikoren errifaren zozketa (abenduak 16, 19:00), Lazkaoko Musika Bandaren Gabonetako kontzertua (abenduak 16, 19:00), buruhandiak (abenduak 17, 12:00), eta Maider Urretabizkaiaren sormen artistikoko tailerreko ikasleen margoketa eta erakusketa (abenduak 18, 12:30)
- Aurkezpenak: abenduaren 12, 13 eta 14an, Gerriko liburu-dendan, idazle goierritarren aurkezpenak (19:30).
Segura
- Ordutegiak: abenduak 16 ostirala 18:30-20:00, abenduak 17 larunbata 11:00-14:30 eta 17:00-20:30, eta abenduak 18 igandea 11:00-14:00.
- Tokia: Botikaxaharrean.
- Irekiera ekitaldia: abenduak 16, ostirala, 18:30ean. Udal egutegiaren aurkezpena, argazki lehiaketako sari ematea, Azpilla dantza taldearen saskiaren zozketa, eta herriko korua.