Autobusetako ehunarekin egindako diseinuak
"Autobus ehunez moda egin daiteke?". Horixe galdetu dute Ezkioko Igartubeiti baserrikoek. Bertan egokitu duten erakusketa ikusita, erantzuna baiezkoa da. Maiatzera arte dago erakusketa irekita.
Gero eta gehiago dira ingurumenaren eta gizartearen iraunkortasunaren aldeko apustua egiten duten egitasmoak. Sektoreen arteko lankidetza ere funtsezkoa da ekonomia zirkularrago baterantz eta ingurumenarekiko begirunetsuago baterantz aurrera egiteko. Horixe egin dute Ezkioko Igartubei baserrian. Eko moda: autobus ehunez egindako diseinua erakusketa sortu du Igartubeitik, Ormaiztegiko Irizar autobus kooperatibarekin, Kotoi marka etxearekin eta Emaus fundazioarekin elkarlanean. Ehun-hondakinei bizitza berri bat emateko hasitako bidearen erakusgarri da maiatzera arte ikus daitekeen erakusketa.
“Autobus ehunez moda egin daiteke?”. Galdera egin dute Igartubeitikoek eta Irati Arroyok eman du erantzuna: «Ikusi ditugun proiektuak ikusita, erantzuna baiezkoa da». Gaur egungo diseinuko modako jantzi berrietan eraldatu dituzte Irizar autobus enpresako ehun hondakinak. Europako Ondare Jardunaldien barruan sortu da elkarlana eta proiektua.
Baserriak, jasangarriak
Aurtengo Europako Ondare jardunaldiko gaia jasangarritasuna izan da. «Igartubeiti baserrian, baserri guztietan bezala, jasangarritasuna egunerokotasunean barneratutako ekintza zen. Ez zen hondakinik sortzen, dena berrerabiltzen zen, konszienteak ziren». Bide horretan, Kotoi markako harremanetan jarri ziren: «Kotoiko Fanny Alonsok bilduma bat bazeukan egina Irizarreko ehun hondakinak erabiliz. Irizar gure bizilaguna da eta hortik hasi ginen proiektua bideratzen». Gerora jakin zuten Emaus Fundazioak ere baduela ehun material desberdinak erabiliz Sindesperdicios bilduma. Ideiei forma eman eta emaitza iritsi da: Eko moda. Autobuseko ehunekin egindako diseinuak.
Erakusketa kokatzeko, bideoa prestatu dute «Erakusketaren diseinua jasangarritasunaren erakusgarri ere bada, baserritik bertatik berrerabilitako materialekin girotu baita. Bertan, birziklatutako materialez eta baserriko elementu berrerabiliez osatutako hiru ingurunetan barrena egindako ibilbidean, Fanny Alonso diseinatzaileak sortutako jantziak aurkezten dira, baita Kotoi markak egindako janzkera tradizionalaren osagarriak eta berrinterpretatutako beste jantzi batzuk ere».
Baserriko bisita gidatua ere berrerabilpenaren bidetik landu dute Igartubeitikoek. «Baserriaren berrerabilpenari jarraituz, bideo labur bat jarri dugu. Bideoan azaltzen da nondik datorren ehun hori. Irizarreko ehun hori da autobusak forratzeko erabiltzen dena. Irizarrek ekintza garrantzitsu asko ditu ahalik eta hondakin gutxien sortzeko edo berrerabiltzeko emateko. Beraien soberakinekin zer egiten duten erakutsi dugu».
Bilduma berezia
Bestalde, Kotoikoek Irizarreko ehunarenekin bilduma berezia egin dute, «Igartubeitiko XVI. mendeko garaiko pieza batzuk sortu dituzte». Familia tailerretan, sagar formako estutxeak egin dituzte bisitariek.
Erakusketa osatzeko tresneria ere berrerabilgarria da, Irizarrek emandako «bobinak, eskilarak, panel bezala erabiltzen ditugun autobuseko maleteroko pieza…». Bestalde, «Emausek altzariei bigarren bizitza bat ematen die eta lanparatxo bat utzi digu». Arroyoren esanetan, «hondakinei bigarren bizitza bat emateko ekintza baten adibidea da» Eko moda erakusketa. Maiatzera arte egongo da zabalik.