Beasaingo saltoki eta establezimenduetan kontsumitzeagatik "eskerrak" eman ditu Bareak elkarteak
Gabonetako kanpainan onena eskaintzeko lanean ari dira Beasaingo merkataritza elkarteko kideak. Aspace elkartearekin elkarlanean poltsa berrerabilgarriak sortu eta herritarren eskura ipini dituzte.
Bertakoa eta bertan kontsumitzeak dituen abantailak gogoratzera dator Bareak Merkatari Elkartea. Gabonak gainean dira, erosketak egiteko sasoi bete-betea da, eta herriko establezimenduak onena eskaintzeko prest daude aurten ere; salgai jarri dira erosketa bonuak, Gabonetako saskien zozketak, tren txu-txua ere herriko kaleetan zehar ibiliko da, eta nola ez, erakusleiho lehiaketa egingo da, Udalarekin elkarlanean.
Iragan ostiralean, urteko balantzea egiteko eta urtea amaitu artekoak iragartzeko, agerraldia egin zuten Bareak Merkataritza Elkarteko ordezkariek. «Urte gogorra izan den arren, eskerrak eman nahi dizkiegu Beasaingo saltoki, zerbitzu, eta ostalaritzaren aldeko apustua egin duten guztiei», eskertu zuen Maria Jose Irazustabarrena elkarteko ordezkariak.
Hain zuzen ere, azarotik martxan dagoen Zure, nire, herriarengatik sentiberatze kanpaina garrantzia nabarmendu zuen; tokiko merkataritzak herriko oreka ekonomikoan eta gizarte-ongizatean duen eragina azpimarratzen du kanpainak, eta horregatik, aktibo mantentzearen aldeko apustua egin behar dela. Mezu horrekin, bertako establezimenduetan erosteko gonbita egiten du, «udalerriko merkataritza bizirik mantentzea guztion ardura baita».
Aspacerekin elkarlana
Elkarlanak indartu egiten du, eta Bareak Merkataritza Elkartean ere ondo dakite hori. Hala, Aspace elkartearekin poltsa berrerabilgarriak atera dituzte, «herriko elkarte ezberdinak ere gure artean babestu behar garelako eta ekintzak batera egitean sinergia ezberdinak lortzen ditugulako», adierazi zuen Irazustabarrenak. «Oso esperientzia polita izan da, eta batez ere, aberasgarria; Aspaceko kideekin, elkarteko ikuspuntu, zeregin eta egoerak partekatu ditugu eta elkarrengatik ikasteko aukera izan dugu» osatu du Bareakeko ordezkariak.