EAJ kontra, «babestutako etxebizitzak egiteko asmorik ez» dagoelako
«Gazteak herrian bertan gera daitezen babestutako etxebizitzak egiteko asmorik ez» dagoelako eman du ezezkoa.
Abenduaren 29an egindako plenoan onartu zen 2023rako udal aurrekontua, EH Bilduren aldeko botoekin. EAJ-k, aldiz, kontra bozkatu zuen. Azken honek ohar baten bidez zabaldu du «gazteak herrian bertan gera daitezen babestutako etxebizitzak egiteko asmorik ez dagoelako» eman dutela ezezkoa. «Inbertsioetarako zegoen diru partidaren erdia babestutako etxebizitzak egiteko lurra eskuratzera» bideratu behar zela diote.
Horren harira, Zelai Amenabarro alkateak adierazi du «zentzugabekeria» dela «inolako lanketarik egin gabe bat-batean inbertsioen erdia horretara bideratzea», eta «hauteskunde estrategiatzat» jo du aurrekontuaren kontra bozkatu izana, «hiru urtetan ez baitute kontra bozkatu». Gehitu du etxebizitza sustatzea jasota dutela Legorreta 2030 plan estrategikoan, baina lanketa bat behar dela. «Lehenengo sustapen plan bat diseinatu behar da, etxebizitza eskaintza eta beharren analisia egin, eta gero plana bera onartu, betiere Hirigintza Antolamendu Plan Orokorrarekin lotuta».