Gabiriako rallyesprinta bideojokoen karreran
Gabiria eta Legazpi arteko automobilismo lasterketaren 2004ko zati baten simulazioa garatu du Come Over Gaming euskal enpresak. Eneko Zelaietaren proiektua da, rally gidari izana, maitasun keinu gisa.
Duela bi astetik, Interneten ikusgai dago Rallysprint Gabiria-Legazpi 2004 izeneko bideojoko simuladorea. Goierriko automobilismo proba errealitate birtualera eraman du Come Over Gaming enpresa gipuzkoarrak. Eneko Zelaieta Galardi (Irun, 1988) da proiektuaren egilea, eta Gabiriako rallyesprintari dion atxikimendutik garatu du.
Rally arloko bideojokoen Richard Burns simuladoreentzat egin du Gabiriako simulazioa. «Rally simuladoreetan dagoen errealismo handienekoa da», azaldu du Zelaietak. Bideojokoen eta simuladoreen sektorean 16-17 urtean dabil. Horrez gain, rallyetako pilotu izana da, eta bi zaletasunak uztartu ditu: «2011n Hondarribiko Rallyesprinteko tramoa garatu genuen, eta oso famatua izan zen Euskal Herrian eta munduan. Beste plataforma batzuentzako baimena eskatu ziguten, konbertsioa edo portazioa egiteko. Assetto Corsa plataformara portatu genuen».
Gabiriakoarena bigarrena du. Come Over Gamingek errealitate birtualeko jokoak, rallyetako zatiak, edozein bideojokorentzako inguruak eta mapak lantzen ditu, besteak beste. «Entretenimenduaren barruan, bideojokoetan ahalik eta zerbitzurik zabalena ematen dugu».
Jatorrizko errepidea nahi
Simulatzaile fisikoak ere ekoizten eta saltzen ditu Come Over Gamingek. Etxeko egongelan, eroso eta seguru, rallyetako eta F1eko jokoetan aritzeko gailuen katalogo zabala du.
Gabiriako simulazioan «proiektu pertsonala eta profesionala» nahastu dituela aitortu du Zelaietak. «Tramoak garatzeko zerbitzua ematen hasi nahi dugu, eta horretarako, zertaz ari garen erakusteko, produktu hau atera dugu, bi kolaboratzailerekin». Jan Kaderabek eta Lorenzo Clerici diseinatzaileek ere parte hartu dute proiektuan.
Arrazoi jakinengatik aukeratu ditu Gabiria-Legazpi proba eta 2004. urtea. «Nire nahia izan da. Gabiria beti izan da euskal automobilismo txapelketa zabaldu duena, urteko aurrena, eta izugarrizko ilusioarekin eta gogoarekin joaten ginen hara. Ilusio horrek bultzatuta, nostalgia moduan, tramo hori hasteko puntu polita iruditu zitzaidan», azaldu du Zelaietak.
Bestetik, hasierako errepidea txertatu nahi zuen simulazioan, berritu eta zabaldu aurrekoa; bere bihurgune bihurri, zabalero estu eta erreten sakonekin. «2004ko zatia egin nahi izan dut, zaharra zegoelako orduan, bazterretan gurpilak sartzeko lekuekin eta». Errealismo sinesgaitzez irudikatu dituzte elementu guztiak, bai errepidea, bai inguru naturala, baserriak, harrotzen zen hartxintxarra, edo bide ertzeko ikusleak.
Zelaieta, gidari modura, 2004an hasi zen kartingean, eta 2008an Euskadiko txapeldun atera zen. Urte haren bukaeran rallyetara jauzi egin, eta 2014ra arte gidatu zuen Euskal Herrian, Espainian eta Frantzian.
Urtebeteko garapen lana
Orain, simulazioaren bidez jarraitzen du bolantean. Gabiria-Legazpi Rallyesprinta 2004 eredu, errealitatera ahalik gehien hurbiltzen direla azaldu du Zelaietak, simulazio gero eta errealagoekin. Laser bidez hartu dute inguruaren topologia, eta 20-25 zentimetroko zehaztasunarekin berreraiki dute bide zaharra.
Pilotu berrientzat trebatzeko eta entrenatzeko balio du. «Ezintasun ekonomikorik ez dago: 50 euroko bolante zaztar bat erosita, nahikoa. Ez duzu kotxerik hautsi beharrik». Norbanako erabiltzaieez gain, erakundeak eta federazioak ere izan litezke baliabideon hartzaile.
Hamar hilabeteko lana behar izan du garatzeko. Xabier Alustiza pilotu legazpiarraren laguntza izan du; hark utzi zien 2004ko barruko kamera bat.